2015eko urtarrilaren 14tik aurrera, kirola eta hezkuntza ardatz izango dituen graduondo berria eskainiko du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak: Kirol-hezitzailea aditu titulua. Ikastaroa antolatuta dago Athlon kirol eta osasun zerbitzu enpresa kooperatiboarekin batera, eta Aretxabaletako campusean eskainiko da.
Mondragon Unibertsitateko aditu titulu propio honen helburua da erantzutea gorputz hezkuntza arloan, Eskola Kirola programan eta kirol hastapenean antzematen diren kezkei. Izan ere, antolatzaileek uste dute kirol hastapena eta gorputz hezkuntza paradigma hezitzailearen arabera birformulatu behar direla, kirolaren balio hezitzailea aldarrikatuz. Beti ere, ahaztu barik garapen pertsonalaz gain, garapen sozialean eragiteko tresna ezin hobea dela hastapen kirola.