Hazitik Ogira.

Hazitik Ogira, balio erantsiko ogi artisau ekologikoa lortzeko helburuarekin sortutako I+G proiektua da. Eusko Jaurlaritzako I+G+b dirulaguntza bidez kofinantziatutako proiektu honetan Leartikerrek, Solosa, Irure Txiki eta Solaka baserriekin osotzen du lantaldea eta NEIKER zentro teknologikoak ere parte hartzen du proiektuan.

Ogi mota ezberdinei buruz hitz egiten dugunean, bere kalitate bereizgarrietan dago gakoa. Eta nola lortzen da ogi berezi bat egitea? Gari barietate ezberdinak erabiliz eta okintza-prozesua egokituz.

Horregatik, proiektu honen hastapena, bertako aintzinako gari barietate desberdinak berreskuratzean datza. Lehenengo fase horren ostean, gari barietate hauen karakterizazioa eta okintzarako propietateen azterketa egingo da, eta lortzen diren datuen arabera, ezaugarri nutrizional eta sentsorial bereizgarriak emango dizkion okintzarako metodoa zehaztuko da. Prozesu guzti honen emaitza izango da, balio erantsiko kalitatezko bertako ogi ekologikoa ekoiztu ahal izatea.

Proiektua martxan dago. NEIKER zentro teknologikoarekin elkarlanean bertako aintzinako gari barietateak landatu dira Solosa, Irure Txiki eta Solaka baserrietako lurzoruetan, eta zentro teknologikoaren mikropartzeletan. Abuztuan jasoko da uzta eta ondoren bigarren fasean murgilduko da proiektua, gari mota ezberdinen karakterizazioak egin eta okintzarako dituzten ezaugarriak aztertuz, okintza metodorik egokiena zehazteko.

Ikastaro berezia

Honen harira, maiatzean, Frantziako INRAE zentroko Christian Remesy, zientzialari eta nutrizionista, eta Charles Poilly, nekazari eta okinaren bisita jaso genuen. Bi adituen eskutik, kalitatezko ogiak lortzeko okintza metodoak ezagutu eta gari barietateen berreskurapenari buruz ikasteko aukera izan genuen. Plazer eta ohore bat izan zen Frantziako eta bertako ekoizle txikien artean esperientziak elkarbanatzea.

Iturria: leartiker.com

 

like0

9 visualizaciones