Nekazaritzako lehengai ekologikoen balorizazioa, bioekonomiaren kontzeptuaren arabera.

Nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren berrikuntzarako EnkarterriALDE Open Lab 2020 proiektuaren baitan, bioekonomia erreferentzia-eremutzat duen Enkarterrialde elkarteak sustatuta dagoena, Leartikerrek balorizazio-azterlan bat garatu du Zierbenan kokatutako Borja Allende nekazaritza-ustiategi ekologikoarentzat. Azterlan horren helburua ustiategi horretan ekoizten diren nekazaritzako lehengaiei balio erantsia ematea da, kalitatezko deribatu ekologiko bihurtuz eta egungo kontsumitzailearen eskaerei erantzunez.

Nekazaritza-jarduera ekonomikoki jasangarria izateko helburuarekin, nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizle askok gero eta interes handiagoa dute lehengaiak eraldatzeko, balio erantsia emateko eta irabazi-marjinak hobetzeko. Batzuetan, sustatzaile horiek ez dakite zer, non, nola eta zertarako eraldatu. Kasu honetan, balorizazio-aukerak kontrastatze aldera, Leartikerrek ustiategi parte-hartzailearentzat bideragarriak diren balorizazio-alternatibak balioztatzeko azterketa bat egin du. Abiapuntuko egoeraren diagnostikoa eginez, interes komertziala duten produktu eraldatuak identifikatu eta horien prototipoak garatu ditu. Azterketa hori osatzeko, analisi bat egin du nekazaritzako lehengaiak eta eztia eraldatzeko lantegi baten behar tekniko-teknologikoak zehazteko.

Gaur egun, ekimen hau heltze-fasean eta bideragarritasun ekonomiko eta operatiboaren azterketa sakonean aurkitzen da, bera abiarazteko azken erabakia hartzeko.

Balorizazio-azterlan hori egitea ahalbidetu duen Enkarterrialde Open Lab 2020 proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren Eskualdeko Lehiakortasuna Sustatzeko 2020 Programaren laguntza ekonomikoa izan du, Hazi eta Neiker enpresen bidez. Leartiker zentro teknologikoak ere parte hartu du, elikagai berrien definizioan eta garapenean duen ezagutzagatik.

Bestalde, Leartiker Bootcamp Enkarterrialde Open Lab II. Edizioan ere izan zen, 2020ko abenduaren 1, 2 eta 3an, Naia Andonegik emandako "Nekazaritzako elikagaien artisau-sektoreko berrikuntza-kasuak" hitzaldiarekin. Bere esku-hartzea Enkarterrialde elkartearen youtube kanalean dago eskuragarri.

Iturria: leartiker.com

like0

50 visualizaciones