Ireki da Basque Culinary World Prize ekimen eraldatzaileak dituzten sukaldarientzako sarirako izendapen prozesua.

Bittor Orozek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren Politikako sailburuordeak, eta Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak Basque Culinary World Prize sariaren hirugarren edizioa aurkeztu dute gaur. Aurkezpenarekin, hasiera eman zaio ofizialki nazioarteko sari horretarako izendapenak egiteko prozesuari. Besteak beste, berrikuntzan, teknologian, heziketan, ingurumenean, osasunean, elikagaien industrian eta garapen sozial edo ekonomikoan ideia eraldatzaileak dituzten sukaldariak saritzen dira bertan.

Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek sortu dute saria, eta Oroz sailburuordeak azpimarratu du “saria apartekoa eta globala dela eta gastronomiaren irismena goratzen duela, mundu osoko sukaldariek bereizgarri dituzten ezagutzak, lidergoa, bokazio ekintzailea eta sormena erabiliz, gizartean aldaketak sortu eta transformazioak eragiten dituztela aitortuta”. ”Horrez gain, Basque Country estrategia integralaren barruan sartzen den sari honen asmoa da lortzea euskal gizarteak partekatzen dituen balioak, hala nola esfortzuaren kultura, konpromisoa, hobera egiteko gaitasuna, eraldaketarako bokazioa eta emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna Euskadiren irudiari lotuta egotea eta gure aurkezpen txartela izatea nazioartean”– gaineratu du Orozek.

Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendariak, sariaren garrantzia azpimarratu du, esanez: “Gastronomiak azken urteetan izan duen gorakada sozialak sukaldariak jarri ditu jomugan. Behin-behineko fenomenoa edo fenomento mediatiko hutsa izan ez ezik, sukaldari askok lekua irabazi dute ekintza eraldatzaileekin, zehazki.  Lortutako protagonismoak erantzukizuna dakar, ezinbestean. Sari horrekin leku askotako sukaldariek egindako aparteko lanaren adibide zehatzak zabaldu nahi ditugu munduan zehar. Horregatik, gastronomiaren komunitatea gonbidatzen dugu parte hartzera, lan zehatzekin inspirazio iturri izan daitezkeen pertsona ospetsuak izendatuta, eta ekimen honetan inplikatzera".

Munduan eraginik handiena duten sukaldari batzuek osatutako epaimahai batek aukeratuko du irabazlea, zeinak 100.000 euro jasoko dituen, berak nahi duen eta gastronomiaren ahalmen eraldatzailea adierazten duen proiektu batean erabiltzeko.

Izendapen irekiak

Basque Culinary World Prizeren asmoa da pertsona eraldatzaileak identifikatzea: gizon eta emakume langileak, ekintzaileak eta bikaintasunerako bokazioa dutenak; jende berritzailea eta sortzailea, saiatua, korrontearen kontra doana eta ausarta ere badena, baina, batez ere, jende konprometitua.

Horretarako, gaur hasiko dira izendapenak jasotzen sariaren web orriaren bitartez: www.basqueculinaryworldprize.com. Maiatzaren 31ra arte, gastronomiaren sektoreko profesionalek eta erakundeek aukera izango dute gastronomia aldaketaren eragile bihurtu daitekeela erakusten duten sukaldariak izendatzeko.  

Horrekin, Basque Culinary World Prizek gastronomiaren komunitateak duen ezagutzara jotzen du, munduko edozein lekutan ari diren eta hainbat arlotan, esaterako, berrikuntzan, teknologian, ingurumenean, osasunean, eligaien industrian eta garapen sozialean edo ekonomikoan, proiektuak garatzen ari diren profesionalak aurkitzeko asmoarekin. Sukaldaritzan ibilbide profesionala duen edozein – bere sukaldaritza kultura eta nazionalitatea edozein dela ere– aukeratua izan ahal izango da sari honetarako.

Iturria: bculinary.com

 

 

like0

14 visualizaciones