Diseinuko hainbat ikasle Arrasateko La Merced Ikastetxeko Belaunaldi arteko Cohousinga prestatzeko lanetan ari dira parte hartzen.
ISEA S. Coop. «La Merced Ikastetxeko Belaunaldi arteko Cohousinga» proiektua ari da garatzen Arrasaten. Adinberri buru duen Hariak - Bakardadeei aurre egiteko Gipuzkoako Estrategiaren barruan dago proiektu hori. Helburua: belaunaldien arteko cohousing bat diseinatzea, Gipuzkoako muturreko zahartze-mailak dakartzan gizarte-aldaketetara egokitua. Beraz, bizitegi-irtenbide bat eskainiko da, adineko pertsonen bakardade-egoerari eta gazteen etxebizitza-beharrari erantzuteko. Bi ikasle-talde ari dira parte hartzen proiektuan, bata Mondragon Unibertsitatekoa eta bestea IDarte – Euskadiko Arte eta Goimailako Diseinu Eskolakoa.
Mondragon Unibertsitateko 20 ikasle Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Masterra ari dira egiten, eta haiexek dira cohousingean eskainiko diren belaunaldien arteko jarduerak prestatzearen arduradunak. Haietako birekin hitz egin du ISEAk: Maider Gardokirekin eta Aitor Domínguezekin.
Zer iruditzen zaizue, oro har, Belaunaldi arteko Cohousing proiektua?
Proiektu interesgarri eta berritzailea da belaunaldien arteko cohousing bat garatzea; alde batetik, berria delako Arrasaten eta, bestetik, gure Zerbitzuen Diseinuko Masterreko ikasketei begira. Proiektuak modernitate-ukitu garrantzitsua du, eta giza erronka nabarmena planteatzen du. Proiektu ausarta da, beste herrialde batzuetan belaunaldien arteko cohousingak egon badaude ere, gure artean ez baita oso formula ezaguna.
Bestalde, belaunaldiartekotasunak giza erronka nabarmena dakar, baina, aldi berean, balio handia sorraraz dezake. Proiektuan lan eginda, honetaz ohartu gara: oso kontzeptu interesgarria dela belaunaldiartekotasuna, batez ere gure gizartean belaunaldien arteko elkarreragina galtzen ari den garai honetan. Hori dela eta, guk geuk ere geure aurreko belaunaldiekin harremanetan jarri behar izan dugu, berriro.
Zer alderdi interesgarri aurki dezake adineko pertsona batek belaunaldien arteko cohousing batean?
Cohousingaren komunitatean parte hartzea eta bertako kide izatearen sentimendua dira ekarpen nagusiak. Izan ere, adinekoak lagunduta sentituko dira, jarduera berrietan hartuko dute parte eta haien harremanen zirkulua zabalduz joango dira. Belaunaldien arteko cohousingean bizipen positiboak ahalbidetuko dira, eta zahartze aktiboa sustatuko da, guztiz desberdina mendekotasuna jasaten duten eta bakarrik sentitzen diren adineko askoren egoerarekin alderatuta. Belaunaldien arteko jarduerei esker, laguntasunaz gozatu eta jardueretan parte hartu ahal izango dute adinekoek, baita ezagutzak trukatu ere.
Eta, gaztearen kasuan, zergatik izango da interesgarria belaunaldien arteko cohousing batean bizitzea?
Etxebizitza- eta auzotasun-mota modernoak ez ezik, espazio- eta zerbitzu-tipologia berritzaileak ere eskura izango dituzte gazteek. Kontsumismoan murgilduta dauden gazteak ez bezala, belaunaldien arteko cohousingean bizi direnek kontsumo-ohitura berriak gara ditzakete, harremanetarako eta ikasteko modu berriak. Aukera paregabea izango da gazteek gizartean parte-hartze zabalagoa eta osasungarriagoa izan dezaten.
Nola heldu diozue cohousingean eskainiko diren zerbitzu eta jardueren belaunaldiartekotasunari?
Gure ustez, belaunaldien arteko elkarreraginak proiektuaren zeharkako elementua izan behar du, eta, orain, ideia hori gauzatzeko bidean gaude hain justu. Gazteak garenez gero, geure burua proiektuan parte hartzera behartzea izan daiteke horretarako ikuspegirik egokiena. Funtsezkoa da gazteek zein adinekoek sentitzea ekimen bateko parte direla, eta beraiek direla jardueren zein cohousingaren izaeraren sortzaile.
Nola heldu diozue adineko batzuen nahi gabeko bakardadearen arazoari?
Nahi gabeko bakardadearen aurkako borroka da, hain zuzen, proiektuaren fase guztietako ardatz nagusia. Arazo horrekiko oso sentikorrak izaten saiatu gara. Horregatik, cohousingaren marka-ideian landuko ditugun alderdietako bat da hori. Gainera, integrazio-sentimenduak, gaitasun pertsonala eta komunitateko kide izatea ahalbidetzen duten ideiak eta tresnak ari gara sortzen, isolamendu pertsonala alde batera utzi eta bakardade-sentsazioak gainditu ahal izateko.
IDarteko 10 ikasle ari dira cohousingeko apartamentuen barrualdeen, gune erkideen eta publikoari irekitako eremuen diseinuan parte hartzen. Haietako biri galdera hauek egin dizkiegu:
Erraza izan da zuentzat La Merced Belaunaldi arteko Cohousingaren barne-diseinuari ekitea?
Ez da proiektu erraza izan, guztiz desberdina baita orain arte egin ditugun lanekin alderatuta. Asko ikertu behar izan dugu, belaunaldien arteko cohousingaren eredua oso kontzeptu berria baita gure gizartean; ez da batere konbentzionala. Asko eztabaidatu, hausnartu eta asmatu behar izan dugu lortu nahi den belaunaldien arteko elkarreragina sortuko duten ideiak gorpuzteko, elkarreragina baita proiektuaren helburu nagusietako bat.
Zer erronka ekarri dizue adineko pertsonentzat berariaz sortutako apartamentuen barne-diseinuak?
Hasiera batean, bizitza kolektiboan eta belaunaldien arteko elkarreraginean jarri dugu arreta, apartamentuen zein espazio kolektiboen diseinua egiterakoan. Ondoren, diseinuaren berezko teknika gehiago erabili ditugu, hala nola irisgarritasuna eta barne-diseinuaren berezko joerak eta estiloak, betiere espazio gehienak sortzeko orduan bizitza kolektiboa eta belaunaldien artekoa erreferentzia hartuta.
Zer arazo dakar adinekoek eta gazteek partekatu beharreko espazioen barne-diseinuak?
Ikertzen hasi ginenean, zera pentsatu genuen, gazteen eta adinekoen beharrak oso desberdinak zirela adinaren arabera. Orain, ordea, uste osoa dugu behar batzuk berdinak direla eta, beraz, horiek izan daitezkeela belaunaldien arteko diseinuaren elementu nagusiak.
Nola ekin diozue belaunaldien arteko jarduerak garatzeko espazioen diseinuari?
Gure gogoetaren ostean ondorioztatu dugunez, parte-hartzea ezinbestekoa da belaunaldien arteko elkarreragina egon dadin. Hori dela eta, parte-hartze hori bultzatzen saiatu gara diseinuaren bidez, eta horixe izan da, hain zuzen, espazioen diseinuaren ardatz nagusietako bat. Asmatuko ahal genuen!
Zergatik da garrantzitsua La Merced Belaunaldi arteko Cohousingaren barne-diseinua proiektuarentzat?
Ziur gaude barne-diseinuak pertsonen arteko komunikazioa eta elkarreragina sorraraz eta bultza ditzakeela. Eta asmo horretara bideratu dugu gure ahalegin nagusia. Hortaz, ohiko diseinuetatik ihesi, cohousingeko egoiliarren ongizate fisiko eta mentala erraztuko duten eragingarri batzuk sortu nahi izan ditugu.
Iturria: adinberri.eus
43 visualizaciones