"Profil teknikoak eta beste zeharkako konpetentziak dituzten pertsonak eskatzen dituzte enpresa industrialek"
Maria Ruiz Amurrio ISEAko ikerlaria eta STEM arloko ikerketen koordinatzailea da. Formakuntzaz ingeniaria. STEM diziplinen gainean atzo Garaian egin ziren jardunaldien gainean dihardu Arrasaten bizi den ingeniari bastidarrak.
Zer da STEM?
Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika berbak edo kontzeptuak batzen ditu akronimo horrek. 1950eko hamarkadan Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen kontzeptua da. Hezkuntzan sortu zen, gizarteko ogibide eta sektore batzuei erantzuna emateko. Enpresek ikusi zuten aipatutako konpetentzia horiek zituzten langileak aurkitzea zaila zela eta, aldi berean, gazteen interesa teknikoagoak diren ikasketekiko jaisten joan zen. Paradigma horri aurre egiteko sortu zen STEM; batez ere, gazteen artean konpetentzia horiekiko interesa pizteko. Eta, bestetik, hezkuntza prozesuko hastapenetatik txertatzea konpetentzia horiek, gerora lanbide horiekiko atxikimendu handiagoa lortzeko. Horretaz gain, emakumeen presentzia bultzatzeko diziplina horietan. Gaur egun, STEM da kontzeptu oso bat eta hezkuntza eredu bat.
Diozu enpresek geroago eta zailtasun handiagoa dutela prestatutako langileak atzemateko. Ze prestakuntza mota eskatzen dute enpresek?
Teknikoagoak izan daitezkeen profilak. Egia da, bestalde, 2000. urtetik STEM kontzeptuari a hizkia batu zaiola. Honek erreferentzia egiten die arte eta humanitate kontzeptuei edota, zentzu zabalago baten, STEM kontzeptuaren barnean batzen ez diren gainerako diziplina guztiei. Honekin egin nahi dena da hezkuntza eredu berri bat sortu, osoagoa, non barneratzen diren diziplina zuzenekoak eta zeharkakoak. Teknikari onak bai, baina, era berean, beste gaitasun batzuk behar dituzte enpresek. Horregatik, enpresek behar dituzte taldean lan egiteko gaitasuna duten langileak; ingeniarien eta arkitektoen artean oso ohikoa ez den komunikazio gaitasuna; jarrera, ekimena, positibotasuna… Hau da, zeharkako konpetentzia horiek. Eta hori oso zaila da aurkitzen.
Dena den, oso bereizita egon izan dira hezkuntzan ikasgai edo karrera teknikoak eta humanistikoagoak edo arteari lotuagoak…
Bai, hala da, baina sistema integratu batera jo behar da, bestela oso zaila da-eta helburu guztiak lerrokatuta egotea. STEAM horrekin bilatzen da zientifiko-teknikoa bultzatzea, baina beste osagarri batekin, zeharkako konpetentzia horiek ere kontuan hartzeko, hezkuntza eredu oso bat sortzeko, eta ez plan bat une jakin bateko arazo bati erantzuteko.
"Gazte-gaztetatik, hezkuntzan, diziplina teknikoekiko interesa piztea du helburu STEM ereduak"
Izan ere, esaterako, zer da arkitektura arte barik edo alderantziz…
Hori da, bai.
Bestetik, diozue diziplina zientifiko-teknikoetan bokazio-falta dagoela. Zergatik?
Hala da, bai. Egia da Debagoiena ezberdina dela, baina, oro har, bai Espainiako datuek eta baita Hego Euskal Herrikoek erakusten dute ingeniaritzako eta arkitekturako ikasketak jaitsi egin direla.
Debagoienean, ostera, ikusten da asko direla, bereziki mutilen artean, ingeniaritza ikasketak aukeratzen dituztenak.
MUko Arrasateko Ingeniaritza Unibertsitatearen eragina argia da eta egia da Debagoienean arrakasta dutela ingeniaritza ikasketek. Baina EAEn oso bestelakoa da errealitate hori. Ekosistema berezia da hemen ingurukoa.
Zergatik ez dira matrikulatzen emakumezko gehiago ingeniaritzan edo arkitekturan?
Kulturala da. Oraindik ere patroi batzuek agintzen dute gizartean eta horiek haustea zaila da.
Nola sustatu ikasle gazteengan eta bereziki emakumeengan zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa?
Grina hori sustatzeko badaude proiektu batzuk; esaterako, Inspira STEM izenekoa. Gazte-gaztetatik, hezkuntzan, diziplina teknikoekiko interesa piztea du helburu, eta, batez ere, emakumeen rola aldatzea diziplina horiekiko. Praktikaren bidez ikastetxeetan ingeniari baten zeregina lanbidea ze izango den erakusten da. Ikasketetatik harago, zure lanbidea, praktika, zein izango den erakustea da helburua.
"Beharrezkoa da emakumeen presentzia bultzatzea STEM diziplinetan"
Hemengo, Hego Euskal Herriko, heziketa, batez ere, unibertsitate mailakoa, zientifikoa edo teknikoa, ondo hornituta dago? Kalitatezkoa da?
Tokiaren eta unibertsitatearen arabera, baina, orokorrean, bai. Unibertsitateak eta hezkuntza, oro har, gizartearen unean uneko beharrei erantzuteko diseinatuta egon beharko lirateke. Eta zentzu horretan, lan handia dago egiteko.
Eta horiek sustatzen dira eskoletan, unibertsitateetan?
MUn, zehazki, ahalegin handia egiten ari gara konpetentzia horiek garatzeko. Baina, Debagoiena oasi moduko bat ere bada. Hemendik kanpo bestelakoa da egoera. Lan handia dago. Edozelan ere, EAEn STEM estrategia zehaztuta eta txertatuta dago hezkuntza sisteman ere.
Enpresak paradigma berrirako gertu daude?
Enpresek oso argi dituzte beharrak: ze pertsona mota, ze kualifikazio, konpetentzia behar dituzten… Eta, hain justu, enpresen beharretatik sortu zen bere garaian STEM.
Zertarako jardunaldi hauek?
Diagnostikoa egin nahi dugu STEM diziplinekiko dagoen bokazio faltaren gainean; emakumeen presentzia areagotzeko hausnartu eta estrategiak ezagutzea eta gazteen artean zientziarekiko eta karrera teknikoekiko grina sustatzea. Hortik kolaborazio proiektuak sortzea da erronka.
Iturria: goiena.eus
102 visualizaciones