Alfonso Gorroñogoitia hil da.

Arrasateko industria mugimendu kooperatiboaren fundatzaile Alfonso Gorroñogoitia (Arrasate, 1939) hil da gaur, irailak 6, bere etxean, Arrasaten. Jose Maria Ormaetxea uztailean hilda sortzaileen artean azkena zen.

Eskola Profesionalean egin zituen ikasketak eta 1952. urtean Zaragozako Peritu Industrialen Eskolan, Argiketari Peritu Industrial titulua lortu zuen. Union Cerrajeran hasi zen lanean; handik alde egin zuen 1956an, Ulgor martxan jartzeko. 1959tik 1983ra enpresako presidente kargua izan zuen. Fagor Taldeko Kontseilu Orokorreko, Euskadiko Kutxako presidente, eta MCCko aholkulari lanetan ere jardun zuen, besteak beste.

Hain zuen "bizitza osoan zehar balio kooperatiboak defendatzeko eta garatzeko egindako lanagatik" omendu egin zituen Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak maiatzean, bai Gorroñogoitia, eta bai Ormaetxea.

Galera handia

Galera handia izan dela uste du Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko Migel Angel Laspiur presidenteak. "Nik uste Mondragonen kooperatiba izaera gehien ordezkatu duena izan dela Gorroñogoitia, bai bere gizatasunagatik, bai gizon solidarioa eta kooperatiboa zelako, baita oso gertukoa ere, herritarrengandik eta bere herritik gertu. Beti hartu da presidentetzat, hala deitu izan zaio; izan ere, luzaroan izan zen  presidente Laboral Kutxan zein Ulgorren. Plaza gizona zen eta Arizmendiarrietaren pentsamendua gizarteari zabaldu zion".

Azken bi fundatzaileen heriotzarekin lehenengo, Ormaetxearena eta gero Gorroñogoitiarena, ziklo bat itxi dela uste du Laspiurrek: "Hil aurretik omendu genituen zorionez. Orain ziklo bat itxiko da, kooperatibaren alde eta horren garapenaren alde guztia eman zuten pertsona horien heriotzarekin. Atzetik datozenek horien urratsak jarraituko dituzten itxaropena dugu".

Iturria: goiena.eus

 

like0

36 visualizaciones