Abantailek distribuzio akordio bat sinatu du Siemensekin.

Mondragon korporazio enpresak Siemens PLM Softwaren Rulestream konfiguratzailea komertzializatuko du hemendik aurrera sinatutako akordioari esker. Rulestream produktuak ingeniaritza lanak, batez ere bulego teknikoko diseinua eta eskaintzen sorrera, automatizatzen ditu.

Abantailek distribuzio akordio bat sinatu du Siemensekin

| Ikusi handiago | Argazki originala

Abantailen konponbideen eskaintzara produktu berri hau batzeak enpresaren hazkuntzan eta nazio mailako zabaltze prozesuan eragin positiboa izango du eta oinarri teknologikoko enpresak duen eskaripeko ingeniaritzaren automatizazioan duen esperientzia  onuragarria izango da Rulestream-en ezarpenerako.

Izan ere, produktu pertsonalizatua duten enpresetan izango du eragin handiena produktu berri honek, bulego teknikoko diseinua eta eskaintzen sorrera automatizatzen baititu. Horrela, produktibitatea handitu, dokumentazio teknikoa entregatzeko epea murriztu eta bere kalitate eta fidagarritasuna ziurtatzen dira, ezagutzaren formalizazioa eta ohiko eta errepikakorrak diren lanak ezabatuz. Ingeniaritzari eskatzen zaizkion lanen denbora murriztea lortuko da horrela konfiguratzaile bitartez.

Abantailek Arrasaten du bere egoitza nagusia eta 13 urteko esperientzia du produktu pertsonalizatuak eskaintzen dituzten enpresen diseinu moldatzailearen automatizazioa lantzen, produktu–prozesu konfiguratzaile teknikoak eta ziklo komertzialean eskaintza eraketen automatizaziorako konfiguratzaile komertzialak eskainiz. Siemens taldea berriz, mende eta erdi baino gehiagoko ibilbidea duen mundu mailako lider teknologikoa da eta bere baitan du Siemens PLM Software enpresa, produktuaren bizi ziklo eta fabrikazio operazio gestioen software hornitzaileetan mundu mailako liderra.

Akordioaren sinaduran izan dira Sonia Ortubai, Abantaileko gerentea, Abantaileko produktu zuzendaria den Xabier Gabilondo eta Espainia eta Portugalen Siemens Industry Softwareko Joan Francas zuzendari nagusi eta presidenteordea, Josep Maria Borras zuzendari komertziala eta Carmen Lopez, kanal arduraduna.

Iturria:goiena.eus

 

like0

25 visualizaciones