AEBetako ateak bezeroei irekitzeko, hitzarmen bat egin du Laboral Kutxak

Laboral Kutxak bere nazioarteko lehenengo hitzarmena sinatu du Ipar Ameriketako National Cooperative Bank banku-erakundearekin. Horren bitartez, bi erakundeek elkarrekin egingo dute lan AEBetan diharduten enpresen garapena eta lehia-gaitasuna sustatzeko.

Laboral Kutxako arduradunek diotenez, hitzarmen horren bidez kreditu kooperatibak AEBetako ateak ireki nahi dizkie bere enpresa bezeroei, merkatu amerikarrean banku-solaskide zuzena izan dezaten. Izan ere, Laboral Kutxaren ustez, "merkatu bakoitza ezberdina da eta enpresentzat behar-beharrezkoa da finantza-hornitzaile egonkor bat izatea doazen lekura doazela. Kasu honetan, Laboral Kutxako bezeroek National  Cooperative Bank-en sare osoa izango dute eskueran, banku-premiei irtenbiderik onenak bilatzeko".

Aurrerantzean, Mondragon Korporazioko kreditu-kooperatibaren bezeroek  kobrantzen eta ordainketen gestioa, epe luzerako proiektuen finantzaketa, bezeroen kobrantzak aseguratzea eta abar egin ahal izango dituzte AEBetan, NCBren eskutik.

Martxoan, Credit Cooperatif-ekin

Arduradunen esanetan, "Parisen egoitza duen Credit Cooperatif-ekin martxoan sinatutako hitzarmenari eta honako hitzarmen honi esker, aurrerapauso handia eman da Laboral Kutxaren apustu estrategikoan, hau da, ETE-ei internazionalizazio-prozesuan laguntzeko bidean". Laboral Kutxaren ustez, "prozesu oso garrantzitsua da enpresek epe luzera irauteko".

Iturria: TULANKIDE.com

 

like0

Viewed 133 times