LEVIS proiektuaren barruan, ekodiseinuan eta ekonomia zirkularrean oinarritutako VErako osagai arinen jarraipen bilera.
Aste honetan, LEVIS partzuergo osoa proiektuaren bazkideetako baten instalazioetan bildu da, AIMEN Centro Tecnológico (Porriño, Pontevedra), ekodiseinua eta ekonomia zirkularreko ikuspegiak erabiliz ibilgailu elektrikoetarako osagai arinduak garatzea helburu duen proiektu honen jarraipena egiteko. Europako proiektu honen baitan hautatutako demostratzaile ezberdinen garapen proposamenak eta fabrikazioaren egoera aztertu dira: esekidura-beso bat (suspension arm), bateria-kutxa bat (battery box set) eta direkzio-zutabearen euskarri bat (steering column carrier group).
Zeldak biltzen dituen bateria-modulua garatzeaz arduratzen da Leartiker. Polimero birziklatuko edukiontzi baten oinarritutako osagai bat, konexio-barra eta monitorizazioa integratzen dituena, bateriaren funtzionamendu egokia bermatzeko. Azpiosagai honetan Leartikerrek Mersen Electrical Power, CEA-Liten eta Privé (Progettazione Ricerca Ingegnerizzazione Veicoli Elettrici) proiektuko bazkideekin batera ari da lanean. Era berean, Leartikerrek direkzio-zutabearen euskarria garatzen ere laguntzen ari da, TOFAS eta AIMEN Zentro Teknologikoarekin batera.
Jardunaldi emankorrak izan dira, eta 2024aren hasieran bukatzea aurreikusten den proiektuaren azken faseari arrakastaz heltzen lagunduko digute.
LEVIS proiektuari buruz
LEVIS EBko proiektu bat da, eta ibilgailu elektrikoetarako osagai arinduak garatzea du helburu, ekodiseinuko eta ekonomia zirkularreko ikuspegiak erabiliz. LEVIS partzuergoak – zazpi herrialdetako industria-bazkideek eta ikerketa-zentroek osatua – osagai horiek hiru demostratzailetan ekoiztearen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa frogatzea aurreikusten du.
José Ramón Valdés LEVIS proiektuaren koordinatzailearen hitzetan, "LEVISen urte eta erdi baino gehiago igaro ondoren, industriei etorkizuneko Ibilgailu Elektrikoen (IE) osagai arinduak, errentagarriak eta iraunkorrak diseinatu eta ekoizteko aukera emango dieten zutabe teknologikoak garatzeko bide onean gaude".
Ekonomia zirkularra eta ekodiseinua
EBtik ekonomia zirkularrerako trantsizioak nabarmen lagunduko du klima-neutraltasuna lortzen 2050erako, Europako Itun Berdeak aldarrikatzen duen bezala. Europa garbiago eta lehiakorrago baterako EBko Ekonomia Zirkularreko Ekintza Plan berrian, baliabideen kontsumo handia eta ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatzeko ahalmen handia duten sektoreetako bat bezala nabarmentze dira ibilgailuak.
Proiektu honek ibilgailu elektrikoen osagaien diseinua modu zirkularrean lantzen du, ekodiseinua bereganatuz eta osagaien bizi-ziklo osoa kontuan hartuz. Hori lortzeko, proiektuaren baitan iEDGE tresna multzoa garatu eta frogatu da (integrated Eco-Design Guideline and Evaluation). Tresna horrek LEVIS proiektuko demostratzaileen diseinuaren lehen faseetan erabakiak hartzeko prozesua hobeto bideratzen lagundu du.. Halaber, garatutako osagaien bizi-amaierara begira, berrerabiltzeko eta birziklatzeko hainbat estrategia lantzen ari dira. Alderdi horiek guztiak kontuan hartuko dira bizi-zikloaren eta kostuaren analisietarako, LEVISek auto elektrikoari ekarriko dizkion berrikuntzak baliozkotzeko balioko baitute.
Informazio gehiago: www.greenvehicles-levis.eu
Iturria: leartiker.com
Viewed 47 times
