Odoleko antibiotiko mailak monitorizatzeko gailu mikrofluidiko bat garatuta bukatu da Leartikerrek zuzendutako DISMOCAN proiektua.

Paziente kritikoen antibiotikoen gaindosifikazioarekin amaitzeko eta, horrela, biztanlerian andui bakteriano erresistenteak agertzea saihesteko, DISMOCAN proiektuaren baitan, odoleko antibiotiko-maila monitorizatzeko gailu mikrofluidiko baten garapenean murgilduta egon da azken bi urteetan Leartiker.

Zentro teknologikoak zuzentzen duen eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) eta Bioarabarekin lankidetzan garatu den proiektu honen helburua, erabili eta botatzeko gailu optofluidiko bat fabrikatzea izan da, odoleko antibiotiko-mailak tokian bertan, azkar eta erraz monitorizatu ahal izateko. Horri esker, tratamenduaren posologia hasieratik optimizatzeko aukera ahalbidetuko da.

Helburu nagusia lortzeaz gain, hau da, antibiotikoa detektatzeko eta kuantifikatzeko ardura duen zuntz optikoa integratzeko gai izango den txip mikrofluidiko bat diseinatzea, Leartikerrek beste aurrerapen garrantzitsu batzuk egin ditu point-of-care gailuen esparruan, hala nola; odol-plasmaren laginak aurrez prozesatzeko prototipo bat diseinatu du antibiotikoaren kuantifikazioan eragin dezaketen proteinak ezabatuz, kanal mikrofluidikoen hidrofilitatea hobetzeko gainazaleko hainbat tratamendu aztertu ditu eta gailu horiek modu autonomoan erabiltzea ahalbidetuko duten ponpa pasiboak garatu ditu.

Proiektu bukaera eta hurrengo urratsak

Joan den ekainaren 14an, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Farmazia Fakultatean ospatu zen partzuergoaren azken bileran, egitasmo honetan murgilduta egon diren bazkideek, Bioaraba, UPV/EHUko Mikrofluidika Klusterra, UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saila, UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzia Saila eta Leartiker, proiektuan zehar lortutako emaitzak laburbildu eta hurrengo urratsak planteatu zituzten.

Horrela, etorkizun handia duen teknologia horren garapenean lanean aritu den diziplina anitzeko taldeak emaitza interesgarri eta itxaropentsuekin amaitu zuen proiektua, garatutako gailutik merkatura salto egitea posible zela ikusiz.

 

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak finantzatu du ELKARTEK programaren 2021eko deialdian (espediente-zenbakia: KK-2021/00025).

Iturria: leartiker.com

like0

Viewed 53 times