Mikroingurune metastasikoaren simulazioa bularreko minbiziaren tratamenduak aztertzeko.

Tumoreen mikroingurunea funtsezkoa da minbiziaren aurkako terapien garapenean eta erresistentzian, eta oso aldakorra da gaixotasunaren garapenaren etapa guztietan. Metastasia, zelula batzuk tumore-masa primariotik bereizten direnean eta odol-fluxuaren bidez ehunak eta organoak inbaditzen dituztenean gertatzen da. Minbiziak metastasia eratzen duenean, bizirauteko probabilitateak izugarri murrizten dira. Prozesu konplexua da eta oraindik bere osotasunean ezagutzen ez diren prozesu biokimiko asko biltzen ditu. Metastasiak minbiziak eragindako heriotzen % 90 inguru eragiten du.

Leartikerreko ikerlari bat organ-on-a-chip gailu batekin.

Mikroingurune metastasikoa eta horrek tumorean duen eragina aztertzeko modu bat mikrofabrikazioko eta ehun-ingeniaritzako teknologietan izandako aurrerapenen eskutik dator; izan ere, in vitro saiakuntzetarako egitura eta ehun konplexuak fabrikatzea ahalbidetzen dute,
organ-on-a-chip (organoa txip batean) izeneko ereduen bidez. Eredu horiek organo bakoitzaren ezaugarri espezifikoak simulatzen dituzte.

Minbiziari buruzko Ikerketa Zentroak (IARC, ingelesezko siglak) 2021ean argitaratutako datuen arabera, munduan gehien diagnostikatzen den tumorea bularreko minbizia da, lehen aldiz biriketako minbiziaren aurretik jarriz. Emakumea izanda, bularreko minbizia garatzeko probabilitate estimatua 8tik 1ekoa da. Tumore mota hori 35 eta 80 urte bitartean agertu ohi da, nahiz eta 45-65 urteko tartea den intzidentzia handiena duena. Sentsibilizazio handiagoari eta tratamendu eraginkorragoei esker, heriotza-tasak jaitsi egin dira emakume nagusienen artean, hala ere, 50 urtetik beherako taldeetan ez da aldaketarik egon.

Testuinguru horretan, MetOnChip* izeneko proiektu berri batean hasi da lanean Leartiker, mikroingurune metastasikoa Organ-on-a-chip gailuen bidez simulatzeko eta bularreko minbizirako tratamenduen azterketak egiteko. Proiektua datozen 3 urteetan gauzatuko da, hainbat sektore medikorako irtenbideak ikertzen eta garatzen dituen Kordobako Biotech Digital Solutions enpresak koordinatuko du, eta beste bazkide batzuen laguntza izango du proiektua gauzatzeko; Granadako Unibertsitatea, ehunen birsorkuntzari, biomedikuntzari eta minbiziari buruzko translazio-gaiak jorratzeko hainbat ikerketa-lerrotan lan egiten duena, farmakologiatik eta tratamendutik hasi eta laborantzako metodologietaraino eta gailu medikoetaraino; BEOnChip enpresa, kultibo zelularrerako gailu mikrofluidikoak diseinatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen dituena, eta Organ-on-Chip teknologian aritzen den Espainiako lehen enpresa; eta Leartiker, polimeroen teknologian espezializatutako zentro teknologikoa, Osasuna bere espezializazioaren bidez mikrofluidika, ehun-ingeniaritza eta gailu medikoak ikertzen ditu material polimeriko biobateragarriak garatzeko.

Iturria: leartiker.com

 

like0

Viewed 87 times