Leartikerrek workshop bat antolatu du BRAV3 nazioarteko proiektuaren baitan, bere bioerreaktorearekin lehen proba funtzionalak aurkezteko.
Leartikerrek, bere laguntzaile EBERS eta Boston Scientific Companyrekin batera, workshop bat antolatu zuten BRAV∃ proiektuaren jarraipen bileran, joan den astean. Nafarroako Unibertsitateko Klinikak lideratutako eta Europako Batzordeak finantzatuta dagoen proiektua Horizonte 2020 (H2020) Programaren baitan kokatzen da. BRAV∃ nazioarteko ikerketa bat da, kardiopatia iskemikoa duten pertsonek bihotzaren funtzionaltasuna berreskuratzea helburu duena, bihotz-ehunaren birsorkuntzaren bitartez. Horretarako, proiektu honetan zehar, ehun biologiko aurreratu eta pertsonalizatua fabrikatuko da (BioVAD), pazienteari laguntza funtzional iraunkorra emateko. Ehuna “in vitro” helduko da, partzuergoko partner teknologikoenen artean garatutako heltze-sistema berri baten bidez.
Azaroaren 23an eta 24an Nafarroako Unibertsitateko Museoan egin zen jarraipen-bileran, kideek proiektua hasi zenetik igaro diren bi urteetan eman diren aurrerapenak aurkeztu zituzten.
BRAV∃ proiektuaren aurrerapen handienetako bat workshopean aurkeztutako heltze-sistemaren garapena izan da, non lehen probak egin ahal izan ziren bioerreaktorearekin.
Leartikerrek diseinatu eta garatu du bioerreaktorearen kamera, eta estimulazio mekanikoko sistema eta estimulazio elektrikoko sistema EBERS eta Boston Scientific erakundeek garatu dituzte, hurrenez hurren. Gainera, bioerreaktoreak ingurunea tenperatura kontrolatuan birzirkulatzeko sistema bat du. Baita, gasen zirkulazio-sistema bat, bihotz-zeluletarako egokia den C02 eta 02 kontzentrazioa mantentzen duena.
Datozen hilabeteetan, heltze-sistema osoa baliozkotzeko protokoloa zehaztuko da. Horretarako, hainbat diseinutako sareekin egindako konstruktuekin probak egingo dira, zenbait estimulazio-baldintzarekin helduko direnak. Baliozkotzearen helburua izango da bihotzean ezartzeko ehun heldu bat lortzeko baldintza hoberenak zehaztea.
Kardiopatia iskemikoa
Kardiopatia iskemikoa heriotza sorburu nagusienetako bat da Europar Batasunean, bai gizonen kasuan (% 14), bai emakumeetan (% 12). Gaur egun, medikamentuekin edo kirurgiarekin tratatzen da, baina aukera horiek ez dira iraunkorrak, konplikazioak direla-eta.
Leartiker eta bere apustu estrategikoa osasun-sektorean
Leartiker S.Coop. zentro teknologikoak azken urteetan apustu estrategiko bat egin du osasun-sektorearen alde, negozio aukera berriak sortzeko eta finkatzeko. “Ideiatik pazientera”, hori da beraien aurkezpen gutuna, zerbitzu integral, aurreratu eta espezializatu bat eskaintzeko egunero egiten duten lana ulertu ahal izateko. Horretarako, material polimeriko berriak erabiltzeaz gain, ideiatik hasi eta preserieraino prototipoak garatzea ahalbidetzen duten langile eta instalazioak dituzte.
Egun zentro teknologikoan lantzen dituzten ikerketa-ildoak munduko osasun-joeretara bideratuta daude: ehunen birsorkuntza, Point of Care (POC) eta gailu medikoen diseinua eta garapena, besteak beste.
Iturria: leartiker.com
Viewed 79 times
