Leartikerrek giza ehun bioartifizialak sortzeko hidrogel berriak eta ehun horrek heltzeko biorreaktore bat garatuko ditu CardioPrint proiektu berriaren baitan.

CardioPrint 3D biofabrikazio multifuntzional aurreratuko proiektu berri bat da, konputazionalki modelatutako giza eskalako ehun kardiako terapeutikoak sortzeko. Nafarroako Unibertsitatea (UNAV) du buru, eta Leartikerrek beste 5 bazkiderekin batera parte hartuko du: Zaragozako Unibertsitatea (UNIZAR), Kataluniako Bioingeniaritzako Institutua (IBEC), CIC Nanogune Elkartea, Nadetech Innovations S.L. eta Gregorio Marañon Ospitaleko Ikerketa Biomedikorako Fundazioa.

3D inprimaketaren, biomaterialen eta zelula amen azken berrikuntzen garapena konbinatzen du CardioPrint proiektuak. Helburu nagusia biofabrikazioaren alorrean aurrera egitea da, BioHeart izeneko giza ehun bioartifizialak sortzeko gai den gailu berri bat garatuz. Ehun horiek sortzeko, Leartikerrek modelizazio konputazionalaren bidez inprimatuko diren hidrogel kardio-mimetikoak garatuko ditu, inprimatu beharreko egitura diseinatzeko helburuarekin. Biorreaktore baten garapenean ere lan egingo da, txerri-bihotzera transplantatu aurretik BioHeart horrek heltzeko gailua izango dena.

Kardiopatia iskemikoa Europar Batasuneko heriotza-kausa nagusia da, eta, horregatik, ahalegin handia egiten da gaixotasun horrentzako konponbideak bilatzeko. Medikuntza Birsortzaileak, Terapia Zelularrak eta Ehun Kardiako Ingeniaritzak izan dituzten emaitzek ez dute arrakastarik izan tamaina handiko animalia-ereduetan edo giza eskalan, eta hortik dator honelako proiektu bat sortzeko beharra.

CardioPrint proiektuak 3 urteko iraupena izango du eta hasierako jarduerak eta egitasmoaren fase ezberdinak koordinatzeko lehenengo bilera (kick of meeting) pasa den urtarrilean ospatu zen, Iruñean.I

Iturria: leartiker.com

 

like0

Viewed 80 times