Kartilagoko medikuntza birsortzailea aztergai Polymers&Medical Applications jardunaldiaren bederatzigarren edizioan.
Joan den ekainaren 4an, Leartiker zentro teknologikoak urteroko hitzordu saihestezina bihurtu den "Polymers and Medical Applications" jardunaldiaren edizio berri bat antolatu zuen. Bederatzigarren edizioa bete berri duen topaketa honek teknologia berriek eta polimeroek osasunaren arloan ekar ditzaketen aukerak eta berrikuntzak aztertzea du helburu. Hala ere, osasun-arrazoiak direla eta, aurten jardunaldia erdi telematikoa eta erdi presentziala izan da: hizlariak Markina-Xemeinen kokatutako Zentro Teknologikoaren instalazioetan egon dira eta entzuleak ordenagailuetatik konektatu dira hitzaldiak birtualki jarraitzeko.
Aurtengo jardunaldiko gai nagusia ehunen ingeniaritza izan da, zelulei, biomaterialei eta biofabrikazioari buruzko ezagutzak biltzen dituen diziplina anitzeko teknologia, eta honen baitan, kartilagoaren birsorkuntzari eman zitzaion harretan handiena.

Batetik, Juan Antonio Marchal doktorea, Granadako Unibertsitateko medikuntza fakultateko katedraduna eta PAIDI "CTS-963: desberdintzea, birsortzea eta minbizia" ikerketa-taldeko burua, bere unibertsitatean gauzatu diren estrategia terapeutikoei buruz aritu zen bere ponentzian. Ondoren, Leartikerreko Izar Gorroñogoitia eta Uzuri Urtazar ikertzaileek biofabrikazio teknologien eta material erabilienen aurkezpen laburra egin zuten eta Zentro Teknologikoa kartilagoa birsortzeko egokiak diren biomaterialak lortzeko egiten ari den alginatoz inprimatu daitezkeen tinten garapena aurkeztuz amaitu zuten beren hitzaldia ikertzaileek.

Paziente bakoitzarentzako belarri pertsonalizatua
Interes handia piztu zuen beste ponentzietako bat Ainitze Gereka Leartikerreko ikerlariak eta Nafarroako Klinika Unibertsitarioko (CUN) Emma Muiños-ek eskainitakoa izan zen, belarri baten birsorkuntza pertsonalizaturako ehun-ingeniaritzako balizko aplikazio baten aurkezpenarekin.
Mikrotia (latinezko "mikro" eta "otia" hitzetatik datorrena), "Belarri txiki" bezala itzultzen da, eta kanpoko belarriaren sortzetiko malformazio bat da, haurdunaldiaren lehen hiruhilekoan belarria ez delako erabat garatzen. Mikrotia duten belarriak itxuraz ezberdinak dira, normalean txikiagoak izaten dira, eta 5.000 jaiotzatik 1ean detektatzen da. Leartikerrek eta CUNek elkarlanean diharduten proiektu batean deformazio hori tratatzeko metodologia garatzen ari dira. Gaur egun, proiektua in vivo balidazio-fasean dago, pazienteekin saiakuntzak egin aurreko fasea, eta irudi medikoak atzematetik paziente bakoitzarentzako belarri pertsonalizatua garatzeraino doan metodologia da.
LGMed proiektua
Polymers & Medical Applications jardunaldian, halaber, Leartikerrek, Pau-ko Unibertsitatearekin, CUN eta Toulousse Ospitalearekin batera, Interreg Europak finantzatutako LGMed proiektuaren esparruan garatzen ari diren prototipoak aurkeztu zituen.
LGMed mugaz bestaldeko europar lankidetza proiektua da, eta bere helburu nagusia Aquitania-Euskadi-Navarra herrialdeko polimeroen enpresen dibertsifikazioa osasun eremurantz hobetzea da, medikuntzako gailuen 4 prototiporen garapena sustatuz. Gailu horiek osasun-sektorearen benetako premia bati erantzungo diote, eta proiektura atxikitako enpresek etorkizunean merkaturatu ahal izango dituzte, ikerketaren emaitzak merkatura iritsi ahal izateko. Proiektuaren helburua gailu medikoen 4 prototipo garatzea eta industria-sektorera transferitzea da.
Interreg POCTEFA programaren bitartez Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekin (EGEF) batera %65ean finantzatutako proiektu honetan, Leartikerrekin batera beste bost bazkidek parte hartzen dute: Clínica Universitaria de Navarra (CUN), Centre Hospitalier Universitaire (CHU Toulouse), Asociación de la Industria Navarra (AIN), Cámara de Comercio de Bayona (CCIBayonne) eta la Universidad de Pau (UPPA).
Hamargarren edizioa prestatzen
Leartikerrek streaming bidez antolatzen duen lehen web mintegia izan den arren, jardunaldia jarraitu duten pertsona kopuruak eta ekitaldiaren ondoren jasotako feedbackak, baieztatu egin du gure publikoak mota honetako mintegienganako duen interesa. Gauzak horrela, datorren urtean ospatuko dugun hamargarren edizioan pentsatzen hasi behar dugu!
Iturria: leartiker.com
Viewed 107 times
