Irensteko eta mastekatzeko arazoak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen.
Leartiker zentro teknologikoko bi espezializazioak (elikagaien teknologia eta polimeroen teknologia) Ausolan Taldeak zuzentzen duen H3DFood proiektuan parte hartu dute. Bertan, disfagia duten pertsonentzako bereizmen handiko elikagai testurizatuak garatu dira. Espainiako Gobernuaren Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren 2017ko Erronka-Lankidetza Programaren (RTC-2017-6308-2) barruan dagoen ekimen hau Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatuta dago. H3DFoodek 3 urte eta erdiko iraupena izan du eta lortutako emaitzei esker irensteko eta mastekatzeko arazoak dituzten pertsonek elikadura-bizitza orekatuagoa izango dute.
Proiektuaren helburu nagusia, bereizmen handiko elikagai aurreformatuak garatzea izan da 3D inprimaketa-teknologiaren bidez: fruta, barazki, esneki, zereal, haragi eta arrainak. Irensteko eta mastekatzeko arazoak dituzten pertsonen kalitatea, bizitza eta asetasuna hobetzeko aukera ematen duten elikagaiak, nutrizionalki orekatutakoak eta/edo nutrizio-profil hobetua dutenak, testura atseginekoak eta bisualki erakargarriak.

Alde batetik, elikagai baten geometria elikadura-erabilerako molde batera eramateko metodologia erraz bat definitu da. Lehenengo, elikagai baten kanpoko itxura eskaneatuz eta 3D modelatze-metodoen bidez tratatuz (3D inprimaketa-teknikei dagozkienak), eta, gero, beharrezko tresnak eta elikadura-moldeak fabrikatuz, horretarako hainbat industria-teknika erabiliz. Metodologia horri esker, bi molde-mota lortu dira: erabili eta botatzeko moldeak edo erabilera bakarrekoak, eta molde iraunkorrak edo hainbat ziklotakoak. Horiei esker, elikagai egituratuak azkar eta eraginkortasunez desmoldatu daitezke, kasu bakoitzerako eskatzen diren iraunkortasun- eta garbitasun-eskakizunak betez.
Bestalde, proiektu honen erronka garrantzitsuenetako bat disfagia duten pertsonentzako egitura egokia duten elikagaiak lortzea izan da, gaixotasun maila arinena zein larriena pairatzen dutenentzako. Horretarako, hainbat aldagai aztertu dira, hala nola erabilitako gelifikatzaile/testurizatzaile mota edo bere kontzentrazioa. Egindako frogei esker, produktu ugari sortu ahal izan dira lehen eta bigarren plateretarako, baita osagarriak ere. Gainera, produktuen baliozkotzeak erakutsi du lortutako testura egokia izan dela disfagia duten pertsonentzat. Nutrizio-aldetik produktu egokiak dira, eta epe luzerako erabilera anitza dute, sukalde zentraletako ekoizpena optimizatzeko aukera ematen dutelarik.

H3DFOOD proiektuan lortutako emaitzei esker, disfagia duten pertsonen bizitza hobetu daiteke, forma, kolorea eta zaporea kontutan hartuta, produktu erakargarriak eskainiz. Aurrez prestatutako moldeei esker lortutako formak jatorrizko elikagaia gogorarazten die, jateko gogoa handituz eta, ondorioz, malnutrizio orokorra edo proteikoa izateko aukerak murriztuz.
Iturria: leartiker.com
Viewed 126 times
