Xabier Sotil: “Saretzeak, eta pertsonak eta enpresak ondoan jartzeak ekartzen du aberastasuna".
Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartearen (ALE) babesarekin, joan den udaberrian gizartearen etorkizuneko erronkei buruzko liburua aurkeztu du Xabier Sotilek, Mondragoneko lehendakaritza utzi eta sei urtera: Suspertzen, ispilu kooperatiboa. Negozio onak garatzeko, "balio onak sortu eta bikain banatzeaz" dihardu liburuak. Suspertzen proiektuaren xedea da hausnarketa eta datu esanguratsuak eskaintzea, proiektu kooperatiboa indartzen eta gizarte berdinzale eta jasangarriagoa lortzen laguntzeko. Honetaz guztiaz aritu da Xabier Sotil EnpresaBIDEArekin.
Eman izena EnpresaBIDEA eta zure helbidean jasoko dituzu berrikuntzarekin lotutako historiak. Gainera, soilik harpidedunentzako hainbat abantailaren berri izango duzu
Zer da Suspertzen proiektua? Nortzuk zaudete atzean?
Suspertzen proiektuaren helburu nagusia da gure gizarteak izango dituen erronkei begirada kooperatibo bat jartzea, eta bide batez, gizarteari erakustea Mondragonen xehetasun batzuk, datu garrantzitsu batzuk erabiliz. Zortzi pertsona izan gara hau aurrera eramaten —Arizmendiarrietaren Lagun Elkartekoak— guztiak kooperatiba desberdin eta esanguratsuetan urte asko emandakoak: Laboral Kutxa, Mondragon, Eroski, Fagor Taldea, LKS, Orona, Ulma Taldea eta beste batzuk.
Noiz sortzen da proiektua eta nola bilakatzen da liburu ondoren?
2020ko bukaeran hasi ginen lantzen nik aurkeztutako zirriborro batetik abiatuta, eta COVID-19a dela eta ez da erreza izan aurrera egitea, baina lortu genuen 2022ko maiatzerako argitaratzea, gazteleraz eta euskaraz. Inprimatutako liburuak ALEko bazkideei banatu zaizkie lehendabizi, eta gero, erakunde eta interesatuta agertu direnei. Ez ditugu ale asko inprimatu. Dena dela, uztaila amaieran ALEko webgunean egongo da eskegita.
'Suspertzen' proiektuaren helburu nagusia da gure gizarteak izango dituen erronkei begirada kooperatibo bat jartzea
Balioak, lehiakortasuna, berrikuntza, ekintzailetza, talentua eta gizartea azpimarratzen dituzu liburuan. Horiek al dira esperientzia kooperatiborako etorkizuneko oinarriak?
Hasieran azpimarratzen duguna da balioen garrantzia, balioak eta joerak ez baitira gauza bera. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko begirada ideologiko asko egon daitezke, eta begirada horiek pertsona eta enpresen balioetan zehazten dira. Mondragoneko esperientziak beti izan ditu bere balioak soinean, baina nolabaiteko eguneratze edo astintze bat falta zaio. Elkartasuna eta lankidetza izan dira historian zehar esperientzia hau aurrera eraman dutenak.
Erabiltzen dugun beste ideia garrantzitsu bat da —hori ere ideologikoa— helburua gizarte aberats bat (modu zabal batean ulertuta) lortzea dela, eta ez pertsona aberatsak.
Liburuan aipatzen duzu ezinbestekoa dela balioa sortzen oso onak eta balioaren banaketan bikainak izatea, hazkunde inklusiboa bultzatzeko bide bakarra dela bi ideiak lantzea.
Lehen aipatu bezala, etorkizunari gure balio eta joera koherenteekin aurre egiten badiogu, gelditzen den 'lan bakarra' da nola gauzatu gogo hori, gizarte aberats hori lortu ahal izateko. Mondragonek aukeratu zuen bidea enpresak sortzea izan zen, eta beste arlo askotan gertatzen den bezala, kooperatibak lan horretan onak izan behar dute. Balioa sortzea, epe motzean eta luzean, ezinbestekoa da. Ez dago aurrera egiterik ez bagara gai enpresa lehiakorrak izateko. Kooperatiba izatea ez da txerto bat edozein egoerei aurre egiteko. Lehiakorrak izan behar dugu bai edo bai, beste edozein enpresa bezala.
Banaketan dago Mondragonen bereizitasuna, aurkeztu dugun Suspertzen lan honetan saiatu garena zehazten. Banaketa zabal eta sinple batek hazkunde inklusibo bat lor dezake epe motzean, baina epe luzea eduki behar da beti buruan. Etorkizunerako kooperatiba bat sendotzea izan beharko litzateke helburu nagusia, belaunaldi berriei bidea egiteko. Zaindu beharreko lehen bazkidea kooperatiba bera da. Garbi agertzen dugu, sortu gabe ez dagoela inongo banaketarik, eta banaketan pentsatzea soilik ez dela nahikoa. Bi ideiak batera lantzeak eragina izan dezake enpresa guztietan.
"Ez dago aurrera egiterik ez bagara gai enpresa lehiakorrak izateko. Kooperatiba izatea ez da txerto bat edozein egoerei aurre egiteko. Lehiakorrak izan behar dugu bai edo bai, beste edozein enpresa bezala"
Oinarrizkoa dela deritzozu gazteak konbentzitzea "etorkizuneko esperientzia kooperatiboa" eraiki dezaten. Nola egin daiteke gazte horiek erakartzeko?
Gizartearekiko apustua egiten duten gazte ugari dago, nahiz aberastasun azkarra eta bakarrik jokatzearen aldeko asko ere izan. Mondragonek erakutsi izan duen aurpegia batik bat negozioen ingurukoa izan da, enpresa kultura orokorrak horretara bultzatu duelako. Balioa sortzeko gaitasuna erakutsi, salmentak, irabaziak, lan postuak eta abar. Lehen aipaturiko balioak gure gizartean eta mundu mailako leku askotan ondo ulertzen dira, eta beharrezkoak ikusten dira etorkizunerako. Hori da Mondragonen berezitasuna, eta ez produktu zehatz bat egin, edo hainbat lurraldetan egon. Hortik tira egin beharko genuke, diskurtso aberats bat eginez.
Nola ikusten duzu Mondragon taldea, lehendakaritza utzi eta sei urtera?
Mondragonek izan duen gaitasun handienetariko bat lehen aipatutako balioak lantzea izan da. Batzuetan, lan horiek araudi eta prozeduretara pasatu dira eta horiek arautu dute bidea. Balioa sortzeko ahaleginak asko baldintzatu du bide hori. Lehiakorrak izateak asko eskatzen du, eta barruko elkarrizketak hor zentratu izan dira. Lehen esan bezala, hori behar beharrezkoa da, baina ez nahikoa. Negozioak garatzeko, batez ere ondo doazenean, ez da Mondragonen euskarririk behar, baina elkartasuna eta lankidetza lantzeko zailagoa da Mondragonen euskarririk gabe egitea. Konfiantza handia dut Mondragoneko pertsonengan, eta ziur nago jakingo dutela datozen erronkei aurre egiten.
"Gizartearekiko apustua egiten duten gazte ugari dago, nahiz aberastasun azkarra eta bakarrik jokatzearen aldeko asko ere izan"
Eragileen arteko saretzea eta interkooperatibismoa zein punturaino dira beharrezkoak zure ustez?
Nik bizi izan ditudan ideiak dira. Saretzeak, eta pertsonak eta enpresak ondoan jartzeak ekartzen du aberastasuna, norberarentzat eta ingurukoentzat. Gure gizarte txiki honetan oso banatuta bizi gara, ingurukoen arazoak azpimarratuz.
Nola ikusten duzu bizi dugun krisi orokorra? Atzeraldi baten atarian gaude?
Azkena izaten da beti gogorrena. 40 urte egin ditut kooperatibista bezala eta krisi asko pasatu dira, eta gogorrak. Erabakiak balioetan oinarrituta hartuta, pertsonengan konfiantza jarrita, eta lankidetza eta elkartasuna landuz gero, etorkizunari begira itxaropentsu sentitzen naiz.
Iturria: enpresabidea.eus
Viewed 73 times