Arizmendi Ikastolak “Arkitektura Lehen Hezkuntzan” liburua aurkeztu du.
Konfiantzaren Pedagogiak arkitektura pedagogiaren esanetara jartzen du. Horregatik, espazioak eredu pedagogiko horretara egokitzen ari da Arizmendi Ikastola, tartean Santa Teresa gunea.
Konfiantzaren Pedagogiarekin hasitako bidean aurrerapausoak ematen ari da Arizmendi Ikastolak azken urteotan. Arkitekturak rol erabakigarria jokatzen du eredu pedagogiko horretan, izan ere, eraldaketa pedagogiko honi erantzun egoki bat emateko espazioak birdiseinatzea eta eraldatzea beharrezkoa da. Horregatik, pixkanaka-pixkanaka Ikastolako espazio eta txoko guztiak egokitu ditu Arizmendik.
Egitasmo pedagogiko honetan azpimarra hiru esparrutan jartzen da: norberaren konfiantzan, besteenganako konfiantzan eta inguruarekiko konfiantzan. Horregatik, guneen egokitzapenean giltzarri izan dira auzokideak. Berekin batera garatu dugu egitasmoa, elkarrekin.
Espazioaren eraldaketa, arkitekturaren garrantzia eta Lehen Hezkuntzako metodologia biltzen dituen liburua garatu du Arizmendik “Arkitektura Lehen Hezkuntzan” izenburupean. Liburua oinarri izango da eraldaketa honi ekin nahi dion edonorentzat, baita prozesuan buru-belarri dabilenarentzat ere.
Santa Teresa eraikineko arkitektura-lanean eta Lehen Hezkuntzako metodologia pedagogikoan sakontzen duen liburua gaur aurkeztu da, 11:00etan, Santa Teresan. Ondorengoak egon dira aurkezpenean Iban Roa Santa Teresa guneko zuzendaria, Amaia Tirados eta Joxe Oleaga LKS KREAN-eko arkitektoak, eta Olatz Lazkano Santa Teresako guraso eta auzokidea.
Konfiantzaren Pedagogiaren markoarekin bat datozen espazioak Lehen Hezkuntzako beharretara moldatu ditu Arizmendik. Espazio berria malgua da, Ikastolako hezkuntza-ildoak bertan islatzen dira eta askotariko dinamikak egiteko aukera eskaintzen du.
Iturria: mondraberri.com
Viewed 116 times