Trenak konpontzeko munduan dagoen tailer automatizaturik aurreratuena garatu du DANOBATek Australian.

Proiektua gaur aurkeztu da, euskal enpresaren egoitzan, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak presiditutako ekitaldi batean.

Makina-erreminten eta ekoizpen sistemen fabrikatzaileak erabat automatikoa den eta 28 minutuan behin merkantzia bagoi bat konpondu dezakeen soluzio digital bat diseinatu du meatzaritzan liderra den BHP Billiton konpainiarentzat.

Instalazioa Pilbara eskualdean dago, basamortu zonalde batean, eta berari esker euskal enpresak sendotu du fabrikazio digitalaren paradigma berriari erantzuten dioten soluzioen garapenean erreferentziako agente gisa duen posizionamendua.

DANOBATGROUP industri taldeak informazioaren eta komunikazioaren teknologien aplikazioan oinarritutako balio erantsi handiko sistemak garatzearen alde apustua egin du, eta apustu horretan kokatzen da DANOBATek, industri talde horren kideak, garatutako tailerra.

Australiako Pilbara eskualdeko basamortuan ohikoa da 45 gradutik gorako tenperatura egotea. Zonaldea ezaguna da jarraian160 egun baino gehiagoan 38 graduko tenperatura gainditzen delako. Planetaren txoko babesgabe horretan, non baldintza klimatikoak muturrekoak baitira eta baliabide mineral ugari baitago, DANOBAT euskal enpresak tailer digital erabat automatiko bat egiteko erronka hartu du, merkantzien bagoien mantentze lanetarako.

Instalazioa gai da 28 minutuan behin bagoi bat konpontzeko, beraz, trenen mantentze lanak erabat automatizatuta egiteko munduan dagoen soluziorik aurreratuena da, eta meatzaritzaren sektorean munduko liderra den BHP Billiton multinazionalarentzat diseinatu da.

Tailerra, zeinarekin euskal kooperatibak behin betiko jauzi teknologikoa eman baitu fabrikazio digitalaren paradigma berrira, martxan dago jada eta gaur goizean aurkeztu da makina-erreminten eta ekoizpen sistemen fabrikatzailearen egoitzan egin den ekitaldi batean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia aurrean zegoela.

Jada abian jarri den proiektua leku bakartu batean dago, hirigune hurbilenetik 1700 kilometro baino gehiagora. Tailerra dagoen lekuan kokatzeko arrazoia izan da trenek egiten duten ibilbidetik hurbil kokatu behar zela, izan ere, leku horretan trenek beren bizitzan zehar izan ohi duten higaduraz gain klimatologiaren gogortasuna ere pairatu behar dute.

DANOBAT-builds-the-worlds-most-advanced_3

Mineralak erauzketa lekuetatik portuetako terminaletara garraiatzen diharduten trenak konpontzeko diseinatu da soluzioa, eta programatzeko eta mantentze lanak eta ikuskapenak egiteko baino ez du behar gizakien esku-hartzea.

DANOBATeko ingeniariek eta adituek soluzio integral bat garatu behar izan dute, 28 minutuan bagoiak sartu, piezatan desmuntatu, konpondu eta ondoren berriz muntatu ahal izateko; hori izan da, beraz, haien erronka nagusietako bat.

“Trenen mantentze lanetarako DANOBATek Australian garatu duen tailerra bagoiak konpontzeko instalaziorik aurreratuena da munduan, eta, kontrol sistema adimendunekin egin dugun lehen tren proiektua izan ez bada ere,  fabrikazio digitalaren eszenatoki berrirako behin betiko trantsizioa izan da guretzat. Proiektua garatzeak eskatu du oso trebakuntza handiko profil profesionalak bultzatzea eta gaitasun maila handiko hornitzaile sare bat sortzea Euskadin”, ziurtatu du Xabier Alzagak, DANOBATeko zuzendari gerenteak.

2013an proiektua ekin zitzaionetik  DANOBATen eta BHPren arteko kontratuak hainbat gehikuntza eduki ditu, eta azkenean 100 milioi euro baino gehiagoko zifrara heldu da.

BHP Billitonek, zeina burtsan duen balioari dagokionez munduko bosgarren enpresa baita eta Broken Hill Proprietaryren eta Billiton enpresa britainiarraren arteko bat egitearen ondorioz sortu baita, lehengaien ekoizpenean jarduten du, hala nola kobre, burdina mineral, nikel eta zilarraren ekoizpenean.

Konpainiak petrolio eta gasaren industrian ere jarduten du, izan ere, produktuan, geografian eta merkatuan dibertsifikatzearen alde egin baitu.

4.0 soluzio bat
Tailerrak lau gune bereizitan banatuta dago. Gune bakoitzak bere ekipamendu propioa du eta manipulazio automatikoko sistemak dauzka, bagoien, bogieen eta ardatz muntatuen mantentze lanak egiteko.

Fabrikazio soluzio integral bat da eskaintzen dena, eta osagai hauek ditu: ikuskapenerako eta desmuntaketarako lerro nagusi bat, bogieak konpontzeko tailer bat, gurpilen mantentze lanetarako gune bat eta egituren tailer bat. Instalazioak, halaber, osagai guztien azken ikuskapena ere egiten du eta osagai bakoitzaren fabrikazio prozesuaren gaineko informazioa ematen du.

Lan guztiak arrakastaz gauzatzeko, tailerrak erabat adimendunak diren soluzio digitalak dauzka, denak DANOBATek garatutakoak. Soluzio horietako bat da DANOBAT Control Systema, zeinarekin mantentze lanen prozesu osoa eta tailerrean egiten diren eragiketa guztiak monitorizatu, gainbegiratu, kontrolatu eta osorik kudeatu ahal diren.

Piezak desmuntatu, konpondu eta muntatzeko lan automatikoek ekipo guztiak erabat koordinatuta egotea eskatzen dute. Bagoien, bogieen edo ardatz muntatuen fluxua aldatu daiteke ikuskapen eta neurketa etapetan antzematen diren emaitzen arabera. Horregatik, funtsezkoa da kontrol integralerako gune bat edukitzea, eragiketa guztiak, koordinatzeko eta  28 minutuan behin bagoiak guztiz konponduta egotea bermatzeko, izan ere, tarte horretan bagoi bat, 2 bogie eta 4 ardatz muntatu konpontzen dira.

Era berean, tailerrean dauden ekipoek SMART HMI interfazea dute. Interfaze adimenduna da, eta hori ere enpresa gipuzkoarrak garatutakoa da. Makinak erabiltzeko laguntzak ematen dizkio langileari, lanak optimizatzen uzten baitio, eta ekipoen erabilgarritasuna eta fidagarritasuna hobetzea ere ahalbidetzen du.

Gainera, tailer honetako ekipoek Intelligent Data Systema ere badute, zeinak makinaren beraren kontrol adimenduna egiten eta erabakiak hobeto hartzen laguntzen duen.   Tailerreko makinak sentsorez hornituta daude, eta sentsore horiek makinen funtzionamenduari eta piezen egoerari buruzko datuak hartzen dituzte. Informazio hori guztia gordeta geratzen da, erabilera joerak aztertu ahal izateko eta etorkizuneko lanen programazio adimenduna egin ahal izateko. Intelligent Data Systemarekin mantentze lanen gaineko jakinarazpenak igorri daitezke automatikoki, eta autodiagnostikoak egin ere bai.

“Tailerraren ezaugarri bereizgarriena da oso produktiboa dela eta eragiketak erabat automatizatuta egiten dituela, kalitate eta segurtasun estandarrik zorrotzenekin. Gainera, lantegi adimendunen paradigmarekin bat datozen ekipamenduak dauzka eta zero akastun fabrikazioaren baldintzak betetzen ditu”, gaineratu du Alzagak.

DANOBATGROUP industri taldeak informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ekoizpen plantetan eta fabrikazio inguruneetan aplikatuz balio erantsi handiko sistemak garatzearen alde apustua egin du, eta apustu horren barruan sartzen da DANOBATek, industri talde horren kideak, garatutako soluzio hau. Industri prozesuen digitalizazioa da DANOBATGROUPen lehentasunezko ikerketa lerroetako bat.

DANOBAT-builds-the-worlds-most-advanced_4

Lan handia aurretik eta aparteko erronkak
Tailerrak hainbat lan eskatu ditu aurretik, hala nola ingeniaritza lanak garatzea, mekanizazio prozesua aztertzea, ekoizpen fluxuak analizatzea, instalazioen baldintzak definitzea, ekipoen ezaugarri teknikoak zehaztea eta sistema guztiak integratzea.

Instalazioaren kokapenak segurtasun protokolo zorrotzak betetzea eskatu du, izan ere, leku bakartuan, basamortukoan eta muturreko baldintzetan kokatu da. Baldintza horiei, gainera, BHPk dituen kalitate eta segurtasun arau zorrotzak gehitu zaizkie.

Gainera, beharrezkoa izan da prozesuen eta ekoizpenaren simulaziorako programa aurreratuak erabiltzea, mekanizazio eta ikuskapen eragiketak dimentsionatzeko eta optimizatzeko eta horrela tailerrean lanean ari diren ekipamenduen automatizazioa eraginkorra izan dadin. Horrez gain, makina guztien 3D simulazio errealista bat egin da, baita ekoizpen fluxuaren premiena, giza baliabideen erabilerarena eta logistikaren kontrolarena ere, funtzionamendua optimizatu ahal izateko.

Proiektuak balio erantsi handiko ingeniaritza lana eskatu du, eta lan horretarako trebakuntza handiko teknikariak behar izan dira. Premia hori gauzatzeko, lanen hasiera-hasieratik euskal enpresako 12 aditu egon dira batez beste Australian.

Euskal enpresarentzat soluzio hau erronka handia izan da, instalazio guztiak azken helmugan egin baita. Hau da, muntaketa, ikuskapena eta doikuntza ez dira euskal lurraldean aurretik egin.

DANOBATi buruz
DANOBAT makina-erreminten eta ekoizpen sistemen euskal fabrikatzailea espezializatuta dago fabrikazio industrialerako soluzio teknologiko aurreratuak eta bezeroen premietara erabat egokitutakoak eskaintzen.

Kooperatiba, zeina DANOBATGROUP Taldeko eta MONDRAGON Korporazioko kidea baita, 1954an eratu zen Gipuzkoan, Elgoibarren, oso nazioarteratuta dago eta balio erantsi handiko soluzioak fabrikatzen ditu.

Iturria: press.danobatgroup.com

 

like0

Viewed 174 times