Berrifood elikagaien inguruko jardunaldia ekainaren 2an izango da.
Datorren ekainaren 2an, barikua, Berrifood jardunaldia antolatuko du Leartikerrek Lea-Artibaiko Berrikuntza Guneko Audren itorium-ean (Markina-Xemein). Hemendik aurrera Berrifood izenarekin ezagutuko den jardunaldi hau 2007an antolatu zuen lehen aldiz Markina-Xemeingo zentro teknologikoak. Elikagaien sektorea oinarri hartuta, urtero antolatzen den jardunaldi tekniko honek elikagaien sektorea eta berrikuntza uztartzea du helburu, eta horretarako, edizio bakoitzeko gai nagusia aldatzen joaten da momentuko beharrizanei edo jakinminari erantzuna eman nahian.
Ekaineko lehen barikuan ospatuko den jardunaldiaren lehen zatian, elikagai enpresa ezberdinek Leartikerrekin elkarlanean burututako produktu berrien garapen eta dibertsifikazio proiektuetan izandako esperientziak partekatuko dituzte jardunaldian parte hartuko duten ekoizleek.
Aurtengoan elikagaigintzaren alor ezberdinetako 5 enpresa izango dira hizlari lanetan arituko direnak: Harakai, Ekotarriko, Pikunieta baserria, Ameztoi anaiak eta Iztueta Baserria. Esnekiak, plater prestatuak edo haraki produktuak ekoizten dituzten enpresa hauek garatu dituzten produktu berriak merkatuan aurkitu ditzakegu gaur egun, baina merkaturatze fasera iristeko bide luzea egin behar izan dute. Leartikerrekin lankidetzan burutu duten ibilbidearen berri emango dute ekoizleek jardunaldian eta produktu berritzaile horiek aurkeztu eta beraien enpresetan izan duten edo izaten ari diren eragina ere azalduko dute.
3D inpresioa elikagaigintzan
Aurtengo jardunaldiaren bigarren zatia elikagaigintza sektorean 3D inpresioak duen erabileran zentratuko da. Horrela, otsailean bertan behera gelditu zen Gosari Teknologikoaren gaia berreskuratu eta teknologia berritzaile honek elikagaigintza sektorean duen aplikazioaz hitz egingo da jardunaldian.
3D inpresio teknologiak gero eta erabilera gehiago ditu sektore askotan, baita elikagaigintzan ere. Jardunaldi honetan teknologia honen bi aspektu ezberdin landuko dira. Alde batetik, elikagaigintza sektorean aplikagarriak diren plastikoen 3D inpresioaz arituko da Mymat Solutions enpresako Josu Goikoetxea; eta bestetik, Leartikerreko Elikagaien Teknologia alorreko zuzendaria den Naia Andonegik, elikagai produktu berrien garapenean 3D teknologiaren aplikazioak duen garrantziaz arituko da. Kasu bietan, kasu errealak eta praktika onak elkarbanatuko dituzte entzuleekin.
Jardunaldian izena emateko
Jardunaldi honetara hurbildu nahi dutenek http://www.leartiker.com/ webgunean aurkituko dute jardunaldiko programa zehatza eta jardunaldian izena-emateko aukera. Sarrera doakoa izango da eta bukaeran jardunaldian aurkeztutako produktuen dastaketa egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Iturria: leartiker.com
Viewed 132 times
