Basque Culinary Centerrek online prestakuntzaren aldeko apustua egin du.
Sektoreko espezialistei zuzendutako «Abangoardiako Sukaldaritza Teknikak» izeneko espezializazio-ikastaroarekin abiaraziko du Basque Culinary Centerrek prestakuntzako online eskaintza. Irakaskuntza-eredu berritzaile, interaktibo eta kalitatezko bat du oinarrian, eta aurrez aurreko prestakuntzaren esperientzia ingurune digitalera eramaten du.
Ikastaroa maiatzean hasiko da, eta 5 hilabeteko iraupena izango du. Osorik egin ahal
izango da, 225 eskola-orduak beteta, edo gai independenteen arabera. Ikastaroa
profesionalei zuzenduta dago, abangoardiako produktu eta tekniken inguruko ezagutzak barneratu ditzaten, Basque Culinary Centerren irakaskuntza-metodologiaren muina diren berrikuntzaren eta sormenaren ikuspuntutik, betiere.
Espezializazio-ikastaroa oso-osorik diseinatu da online prestakuntzarako. Eduki eta
jarduerak hainbat gailutan erabiltzeko prestatu dira, ikasleak prestakuntza bere beharren eta denboraren arabera moldatzeko aukera izan dezan.
Ikus-entzunezko edukiek modu argian erakutsiko dituzte teknika eta aplikazioen urrats
guztiak. Adituek emandako masterclass eta showcooking saioez gain, astero, zuzeneko
eskolak ere eskainiko dira, Basque Culinary Centerreko irakasleen eskutik. Jarraipen
pertsonalizatuari eta eskainitako jarduerei esker, sukaldaritza-teknika aurreratuenak
arrakastaz aplikatzen ikasiko dute ikasleek.
Abangoardiako sukaldaritza-teknikei buruzko lehen ikastaro osatu honek bost gai eta
amaierako proiektu bat biltzen ditu, non ikasleak bere sorkuntza propioak garatu
beharko dituen, sukaldaritzaren eboluzioa sustatzeko. Hauexek dira landuko diren
gaiak: Abangoardiako produktuak, Aplikazio garaikideak, Kriosukaldaritza, Presio-
sukaldaritza eta Hartzidurak.
Ikastaroa garatzeko metodologia eginez ikastearen filosofian oinarritzen da, eta guztiz
aplikagarriak diren sukaldaritzako jarduerak eta erronkak planteatzen ditu. Tutore batek
gainbegiratuko ditu, hura arduratuko baita prestakuntzaren jarraipena egiteaz eta ikasle
bakoitzari feedback pertsonalizatua emateaz. Era berean, ariketen alorrean hainbat
aukera eskainiko dira, produktuei dagokienez, ikasle bakoitzaren bitarteko eta beharrei
egokitzeko asmoz.
Online prestakuntzari eta teknologia berriei esker, Basque Culinary Centerrek aukera
ematen die profesionalei beren prestakuntza gastronomikoa osatzeko, eduki eta ikastaro espezializatuen bidez.
Basque Culinary Centerri buruz
2011n sortu zenetik, Basque Culinary Centerren helburua gastronomian eta elikaduran
goi-mailako prestakuntza ematea eta bi horiek ikertu, berritu eta sustatzea da. Mundu
mailako erakunde akademiko aitzindaria da, eta barnean hartzen ditu Mondragon
Unibertsitateari atxikitako Gastronomia Zientzien Fakultatea eta Basque Culinary
Center Innovation izeneko Berrikuntza eta Ikerketa Zentro bat.
Iturria: mondraberri.com
Viewed 72 times
