ARIZMENDIk Almen Guneko Batxilergoko eraikin berria inauguratu du.
Espazio ireki, argitsu eta anitz bezala aurkeztu du eraikin eraberritua Almeneko zuzendaritzak Instituzio eta hezkuntzako ordezkarien aurrean.
Ikasleak erdigunean jartzeko asmoz, eraikin berria diseinatzeko enkargua eman zion Arizmendi Ikastolak LKSko ingenieritza taldeari. Prozesu honetan, ikasleen eta irakasleen iritziak kontutan hartu dira, eta erabiltzaileentzat ahalik eta toki erosoena finkatzeko erronkari aurre egin diote.
Emaitza "poztekoa" izan da, Unai Busturia Almeneko zuzendaritzako kidearen esanetan. "Ikasleek giro lasaiean burutu ditzakete euren jarduerak: banaka, binaka edota talde handiagotan ikasteko txokoak daude, atseden hartzeko espazioa, modu pribatuago batean batzekoak...", azpimarratu du.
Izan ere, garrantzia eman diote Batxilergoko ikasleek beraien eraikin propioa izatearekin, autonomia eta erabakitzeko ahalmena bideratze aldera.
Paretak baino, geletan kristalak jartzeko apustuaren alde egin dute, eta bete-betean asmatu dutelakoan azaldu dira irakasle eta arkitektoak. "Atmosfera honekin eremu ireki bat hautematen dugu, ikasleek euren erabakiak hartzeko askatasun gehiago daukate", nabarmendu du Busturiak.
Ikasleen espazioak ez ezik, irakasleenak ere irekiak dira. Adibidez, irakasleen bulegoa kristalera batek inguratzen du, modu honetan, "ikasle eta irakasleen arteko erlazioa errazteko".
Inaugurazio ekitaldian hezkuntzako eta Instituzioetako hainbat ordezkari bildu dira: Ikastolen Elkarteetako ordezkariak, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Aretxabaletako eta Eskoriatzako alkateak, Ordiziako eta Txantxiku Ikastolako zuzendariak... Etorkizunean ikasleen beharretara egokitzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute guztiek.
Iturria: mondraberri.com
Viewed 204 times