SagarEKOa, sagardo sagarra dibertsifikatzeko proiektua.

1995. urtean, Lea-Artibai inguruko 14 baserritar elkartu eta LANEKO kooperatiba sortu zuten, baserriko produktuei balio erantsi bat emateko asmoz. Ordutik hona kooperatibak merkatuan bere lekua hartu duen tokiko artisau kontserba gama zabala sortu du, LEA-ARTIBAI ONDAREA eta LABORE markapean merkaturatzen dena. Salgai jartzen dituen produktuetako asko ekologikoak ere badira.

Sorreratik eskualdearekin lotura handia duen enpresa izanik, tokiko lehengaiei lehentasuna ematen die beti, nahiz eta Bizkaia osoko baserritar eta kooperatibekin ere lan egiten duen. LANEKO osatzen duten bazkide baserritarrak sagar ekoizleak dira neurri handi batean, eta azken urteotan merkaturatu den produktuetako bat sagardoa izan da.

Hala ere, merkatua oso dinamikoa da eta etengabe jartzen dira produktu berriak. Hori dela eta, lehiakortasuna handia da, eta kontsumitzaileen nahiei adi egon behar da une oro, beraien gustuko produktuak eskaintzeko. Sagardoaren kasuan, adibidez, 2008an izandako krisi ekonomikoaren ondorioz eta alkoholemia-tasaren beherakadaren ondorioz, salmentak jaitsi egin ziren. Testuinguru horri Covid-19ak eragindako konfinamendu eta salbuespen egoera gehitzen badiogu, Bizkaiko sagardo kontsumoaren beherakada ikusgarria izan da.

Hori ikusita, LANEKOk egiten zituen produktuak berritzea eta sagarretik sortutako produktu-gama zabaltzea erabaki zuen. Merkatuaren ezagutza handia zuela aprobetxatuz, prestatutako produktu berritzaileak garatzeko erabakia hartu zuen. Eta prozesu horretarako bidelagun gisa Leartiker zentro teknologikoa aukeratu zuen, produktu berrien garapenean duen ezagutza handiagatik. Lankidetza horretatik, SagarEKOa proiektua jarri zen martxan, sagarretik eratorritako produktuak garatzeko egitasmoa.

SagarEKOa proiektuaren helburua balio erantsia duten deribatu berritzaile ekologikoak garatzea izan da, sagardo sagarra lehengai gisa erabiliz: jateko prest dauden kalitate handiko tokiko produktuak merkatuan jartzeko, LANEKO kooperatibaren jarduera mantentzeko eta enpresaren lehiakortasuna bultzatzeko. Proiektuak Eusko Jaurlaritzako I+G+b 2020 programaren dirulaguntza jaso zuen eta 2021eko abenduan bukatu zen.

Egitasmo honen baitan, osagaien artean sagarra duten produktu berriak identifikatu dira, barneko eta kanpoko merkatuetan dauden produktuak aztertuz eta ideia berriak proposatuz. Produktu-ideia berri horiek eskala pilotuan garatu dira, eta beharrezko egokitzapenak egin ondoren, LANEKOren instalazioetara eraman dira, produktuak merkaturatu ahal izateko. Proiektu honen ondorioz, 6 erreferentzia berri landu dira: horien artean, sagar eta erremolatxa zukua, sagar eta tomate saltsa eta sagar eta onddo saltsa.

LANEKO pozik dago lortutako emaitzekin, eta momentu honetan produktua ezagutzera ematen ari da, merkaturatzeko asmoarekin.

Iturria: leartiker.com

 

like0

Viewed 84 times