Leartikerrek Ondarroako portuan baztertutako poliamidazko arrantza-sareak birziklatzea bultzatuko du, bertako arrainak identifikatzeko prezio-euskarriak egiteko 3D teknologiaren bidez.

Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak eta Azaro Fundazioak, biak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideak, elkarlanean jarraitzen dute CIRCULARSEAS proiektuan, 2022an bere ibilbidearen azken urtean sartuko dena.

Urtarrilaren erdialdean bazkideen 6. bilera egin zen, eta bertan azken 6 hilabeteetan ezarritako helburuak eta hurrengo hilabeteetan egin beharreko urratsak aztertu ziren. Horrela, otsail honetan Business Portfolio Report txostena argitaratuko da, non nodo bakoitzean burututako eskualdeko workshopen bidez egindako lana biltzen den, 5 nodoetan identifikatutako produktu jasangarriak eta nodo bakoitzerako garatu diren negozio-ereduak barne.

Ondarroako nodoaren kasuan, baztertutako poliamidazko arrantza-sareak dira gehien sortzen den hondakina eta balorizazio-potentzial handiena dutenak; beraz, horiek identifikatu dituzte birziklatu eta bertako arrainak identifikatzeko prezio-euskarriak egiteko, zirkulua ixteko helburuarekin. Lantzen ari diren bigarren garapen bat itsas inguruneetan material biodegradagarri bat erabiltzea da, ozeanoetan hondakin plastiko kutsagarria saihesteko.

Era berean, azken hilabeteetan Leartiker, proiektuaren garapen teknologikoen lan-paketearen lider gisa, Vigoko Unibertsitatearekin (UVI) eta La Rochelle Unibertsitatearekin (URL) batera, buru-belarri aritu dira lanean 3D inprimaketa-ingurune integratu bat garatzeko, itsas industrietan 3D inprimaketa-teknologia sustatzeko erraz erabiltzeko sistema bat sortzeko helburuarekin. Horretarako, aplikazio bat lantzen ari dira. Aplikazio horrek, urrats sinpleen bidez, azken erabiltzailea gidatuko du material birziklatua hautatzeko eta azken inprimaketa egiteko prozesu egokiago batean, parametro automatizatuak doituta. Leartikerren lana nodoetako hondakinak prozesatzean eta birziklatzean oinarritzen da, identifikatutako produktu jasangarrietara egokitutako materialak garatzeko. Hondakin horiek arrantza-sareak, enbalatzeko zumitzak edo ostrak biltzekoak dira, besteak beste.

Nodo bakoitzean planta pilotuak planifikatzeko lanek ere aurrera jarraitzen dute, garapen teknologiko guztiak osatu bezain laster ezartzen hasteko helburuarekin.

Aldi berean, networking eta proiektuaren hedapen ekintzek ere urrats garrantzitsuak eman dituzte azken hilabeteetan. Alde batetik, azaroan, Leartikerrek eta Azarok lehen bilera tematikoa egin zuten. Guztira hiru egingo dira, eta itsas hondakinen inguruan egiten ari diren antzeko proiektuekin esperientziak, erronkak eta zailtasunak trukatzea dute helburu. Lehenengo bileran nazio mailako zazpi proiektu bateratu ziren eta honako hauek parte hartu zuten: Irene Díez Ruiz (ECOALF), Julio Maroto (CETMAR), Carlos León Perfecto (Sustainn), Rubén Rodríguez Alonso (Asociación Vertidos Cero), Carlos Sanz-Lázaro (Universidad de Alicante) eta Estibaliz Hernández Eleno (MIK). Jardunaldian hainbat puntu amankomun aurkitu ziren proiektuen artean, baita etorkizuneko ekintzetarako sinergiak ere. Hurrengo bilera martxoan egingo da eta nazioarteko proiektuetara zabalduko da.

Plastikoak Birziklatzeko Nazioarteko I. Mintegia

Bestalde, 2021ean sei argitalpen zientifiko egin ziren proiektuaren baitan. Leartikerrek, Blanca Lekube CircularSeas proiektuaren arduradunaren eskutik, poster bat aurkeztu zuen abenduaren 1ean eta 2an Aimplasek Valentzian antolatutako Plastikoak Birziklatzeko Nazioarteko I. Mintegian. Azarorekin elkarlanean egindako posterrean, Ondarroako nodoaren diagnostikoaren laburpena eta orain arte egindako aurrerapen teknologikoak aurkeztu ziren. Azpimarratzeko beste argitalpen bat (Applied Sciences) aldizkari zientifikoan argitaratutako lehen artikulua da, Vigoko Unibertsitatearen eskutik, Leartiker-ekin lankidetzan, honako izenburua duena: “Servicio integrado orientado al usuario para entornos de impresión 3D con material reciclado de residuos plástico marítimo”.

Iturria: leartiker.com

like0

Viewed 77 times