Leartikerrek arrakastaz amaitu du karbono-zuntza solbolisi bidez birziklatzeko teknologiari buruzko Relicario proiektu europarra.
Europar Batasunak ko-finantzatutako EIT Raw Materials deialdiko Relicario (Recycling of End-of-life Carbon fiber Reinforced plastics) proiektu bukatu du Leartikerrek. Solbolisi-prozesuaren bidez karbono-zuntza birziklatzeko teknologian zentratutako proiektu bat da, konpositearen matrize organikoa desegitea ahalbidetzen duena, eta, horrela, alde batetik karbono-zuntza, eta bestetik, erretxinatik eratorritako monomeroak berrerabiltzeko aukera ematen duena.
Relicarioren partzuergoa honakoek osatu dute: Extracthive, Veolia Recherche & Innovation eta Commissariat à l 'énergie atomique et aux énergies alternatives (Frantzia), Veolia Deutcshland (Alemania), Ghent University (Belgika), Leartiker eta Maier S. Coop (Euskadi).
Proiektuan parte hartu duten enpresek birziklatze-prozesuaren balio-kate osoa ordezkatzen dute, Veoliaren ardurapeko industria- eta hiri-hondakinen kudeaketatik hasi, Extracthivek eta Energia Atomikoaren Komisarioak parte hartu duten produktuen birziklatzetik igaro eta Leartikerrek, Veolia R & Dk eta Ghent-eko Unibertstitateak burutu duten hondakinen balorizaziora arte. Era berean, proiektuaren barruan lortutako produktuen azken erabiltzaile bat ere izan da: Maier S. Coop.

Leartikerren sortutako konposatuarekin injektatutako trakzio-probetak,
aipatutako zuntz eta karakterizazioarekin garatutakoak.
Leartikerrek ekimen honen barruan lan ezberdinak burutu ditu, hala nola: lan egiteko abiapuntuko materialen proposamena egitea; birziklatu aurreko materialen kudeaketa eta prestaketa; Solbolisitik datozen karbono-zuntzen karakterizazio kimikoa eta gainazalaren karakterizazioa, eta hauek metodo ohikoenen bidez lortutakoekin alderatzea; karbono-zuntz birziklatuak dituzten matrize termoplastikoko material konposatuak prestatzea eta konposatu horiek merkatuan sartzea errazteko karakterizazioa. Era berean, karbono-zuntz birziklatua eta matrize termoplastiko interesgarria duten konposatuen propietateen fitxa teknikoak prestatu dira automobilgintzako pieza erreal frogagarriak ekoizteko.

Erabili gabeko karbono-zuntz solbolizatuarekin prestatutako
konposatuen hiru puntutako flexio-kurbak,
zeinetan propietate mekanikoetan alde txiki bat ikus daiteken.
Proiektua arrakastaz amaitu da, eta lortutako emaitzek proiektuaren hasieran zehaztutako helburu gehienak bete dituzte. Emaitza onak izan diren arren, proiektuaren iraupenak, diseinuan eta exekuzioan sortu diren arazoak medio, Solbolisi-erreaktorearen fabrikazioa maila industrialean gauzatzea eragotzi du. Hala ere, aurreikuspenen arabera, 2022ko hirugarren hiruhilekorako erreaktorea martxan egongo da.
*Goiburuko irudia: Karbono-zuntzak solbolizatu ondoren.
Iturria: leartiker.com
Viewed 101 times
