BEJONDEIZULA proiektua, barazki ekologikoen eraldaketa bultzatuz.

Alazne Intxauspek eta Jon Bereziartuak, beraien inguruan barazki ekologikoen kontsumoa bultzatzeko asmoz, negutegi bat jartzeko eta Iurretan duten aire zabaleko baratzea handitzeko apustua egin zuten, 2012an.

Ordudanik, barazki ekologikoak dituzten saskiak saltzen dituzte Durangon, Zornotzan eta Berrizen, kontsumo-taldeen bidez.

Gaur egun, barazki ekologikoen salmenta-kanalak finkatuta dauden arren, barazki ekologikoen soberakinak eraldatzeko egitasmo bat bultzatu nahi izan dute BEJONDEIZULA I+G proiektuaren bidez, merkatuan kalitatezko krema ekologiko gozo eta kontsumitzeko errazak eskaintzeko helburuarekin. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzaren I+G+b 2020 Programak kofinantzatzen du.

Poduktu berri horiek garatzeko, Alazne eta Jon elkarlanean aritu dira Leartiker Zentro Teknologikoarekin eta Tolosako AMA jatetxeko Javi Rivero sukaldariarekin, errezetak definitzeko eta krema ekologiko berriak eraldatzeko prozesuan. Produktu horien formulazioak zehazterakoan, nutrizio- eta zentzumen-oreka bat bilatzen lan egin dute, merkatuan gama bereizi bat eskaintzeko.

Produktu hauek garatu dira:

  • Barazki-krema (espinakak, zerbak eta kalabazina)
  • Azenario-krema
  • Erremolatxa-krema
  • Berenjena eta tomate krema
  • Porru-krema
  • Kalabaza-krema

Produktu horiek 2022aren amaierarako merkaturatzea aurreikusten da.

Iturria: leartiker.com

like0

Viewed 167 times