Astelehenean, Merkatari aplikazioaren aurkezpena egin zuten Eskoriatzan. Bertan, Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkatea, Eneritz Zubia Ibarraundiko teknikaria, eta Asier Amutxastegi eta Raul Uriarte Merkatari proiektuko kideak batu ziren, proiektuaren xehetasunak emateko. Eskoriatzako 36 komertziok hartu dute parte proiektuan eta aplikazioaren helburua herriko merkatarien eta bezeroen arteko komunikazioa hobetzea da.
Eskoriatzako eta Oñatiko Udalek eta Goiena Komunikazio Taldeak bultzatuta, 'Merkatari' aplikazioa sortu dute merkatariak eta herritarrak harremanetan egoteko asmoz. Hala, erabiltzaileek denda zein tabernetako zerbitzu eta eskaintzen berri izango dute. Merkatariek erosketak burutzeko modu berri gisa ikusten dute aplikazioa. Merkatariak dagoeneko hasi dira formakuntza jasotzen eta herritarrentzat irailean egongo da eskuragarri.
Lehenengo merkatariekin ezarpen edo inplantazio prozesua landuko dute, eta gero, Eskoriatza guztira zabalduko dute Merkatari aplikazio informatikoa, hori erabiliaz, merkatarien eta herritarren arteko harremana sendotzeko helburuz.