Bost egun baino ez dira izan, denbora nahikoa urtean behin munduko ekonomiaren hiriburu bilakatzeko. Suitzako Davos herriak eraldaketa ugari izan ditu. 1853an mediku alemaniar batek ebatzi zuen bertako mikroklima egokia zela tuberkulosia eta biriketako beste gaixotasun batzuk tratatzeko. Herria, orduan, sendategi, hotel, bainuetxe eta ostatuen gune bihurtu zen. Tuberkulosia eta bertan sendatzen ziren bestelako gaixotasunen aurkako sendagaiak aurkitu zirenean erietxeetako jarduerak gutxituz joan ziren. Herriak negozio berriak deskubritu zituen.