Pakistango Hushé Bailarako neskatoak eskolatzeko 100 beka eta irakasleak prestatzeko bi beka entregatu dizkio MUk
Pakistango Hushé Bailarako 100 neskato, beste horrenbeste bekarekin, zortzi ikastetxetan eskolatzea da helburua. Jon Altuna MONDRAGON UNIBERTSITATEko errektoreordeak eta José Manuel Ruiz Baltistán Fundazioko lehendakariak otsailean sinatu zuten hitzarmena, Baltistán Fundazioaren sortzaileetako bat den Alberto Iñurrategi ere aurrean zela. Erronka proiektuarekin, Fundazioak Baltistango eskualdean haurrak eskolatzeko egiten duen lana babestu nahi du unibertsitateak. Izan ere, Pakistango goi-mendietan dagoen Hushé Bailaran eskolatzea zaila ez ezik arriskutsua ere bada, are gehiago neskatoa izanez gero.
Gaur, bost hilabete geroago, ‘Erronka’ ekimena amaitutakoan, protagonistak bildu eta MONDRAGON UNIBERTSITATEAK Baltistan Fundazioari 6.300 euro eman dizkio, Hushé Bailarako 100 neskatorentzako bekak banatu eta eskualdeko zortzi eskolatako bi hezitzaile prestatzeko.
Erronka proiektuaren faseakBaltistán Fundazioaren lana ezagutzera eman eta euskal gizartea neska-mutiko horien beharrizanez jabearazteko asmoz, MONDRAGON UNIBERTSITATEAK, unibertsitateko bertako ikasle eta irakasleez harago, euskal gazteria osoari eman nahi izan dio proiektuaren berri. Horrela, argazki bat egin eta twitter eta Instagramera igo dutenen (hashtag-ak: #erronkaprest) parte-hartzeari esker, Erronkak urratsez urrats aurrera egin du. Hain zuzen, Pakistango 8.035 metroko Gasherbrum II mendiaren gailurretik jaisten ari zela hil zen Felix Iñurrategi mendizalea omendu nahi izan du proiektuak. Horregatik, azken helburua 8.035 argazki biltzea zen, nahiz eta ez izan batere helburu erraza. Nahiz eta espedizioak ez duen erronka gainditu, MONDRAGON UNIBERTSITATEAK euskal gizartearen lankidetza eskertu nahi izan du, 4.000 argazki baino gehiago igo baitituzte. Helburu garrantzitsuena ez zen argazkiak igotzea, neskato horiek eskolatzea baizik. MONDRAGON UNIBERTSITATEAK Baltistan Fundazioari 100 beka eman dizkio, beste horrenbeste neskato eskolatzeko, eta bi beka irakasleak prestatzeko.
MONDRAGON UNIBERTSITATEAK ez dio lankidetzari amaiera emango horrekin. Beste lau urtez jarraituko dute bi erakundeek lankidetzan, unibertsitateak Hushé bailarako neskatoei urtero 10 beka emateko konpromisoa hartu baitu.
Baltistán FundazioaFelix Baltistán Fundazioa euskal GKEak hamar urte daramatza Felix Iñurrategi Foundation Baltistan Machulu (FIFBM) elkartearekin batera Pakistango Hushé Bailararen garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzan. Hushé Bailarako, Pakistango iparraldeko goi mendietako eskualde urruneko, komunitateetan pertsonen giza garapena, garapen integrala, endogenoa eta parte-hartzailea sustatzea da asmoa.
Felix Baltistán Fundazioa (FBF) eta bertako erakundea, Felix Iñurrategi Foundation Baltistan Machulu (FIFBM), Hushé Bailara osoaren garapen integralaren alde ari dira lanean; alegia, hezkuntza-alorrean, nekazaritzan, komunitateak indartu eta euren antolamendua sendotzen, osasun-alorrean, azpiegituretan, turismoan eta generoan. Giza eta lanbide-prestakuntza da Fundazioaren ardatzetako bat; izan ere, herritarren garapen sozio-ekonomikoa sustatzeko gakoetako bat ez ezik, bailarako emakumeak ahalduntzeko tresna ere bada hori.
Iturria:MONDRAGON.edu
Viewed 179 times
