MONDRAGON UNIBERTSITATEA-k ingeniaritzako ikaskuntzari buruzko munduko biltzarra antolatzen du.

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzako (PLB) 300 ikertzaile eta aditu baino gehiago bilduko dira Donostialdean, datorren astean, uztailaren 6tik 9ra, MONDRAGON UNIBERTSITATEAk antolatutako biltzarrean. Unibertsitatea aitzindaria da estatuan bere fakultateetan Arazoetan eta Proiektuetan Oinarrituriko Ikaskuntza (PBL) ezartzen. Ikasleek benetako arazoei aurre eginez eta konponduz ezagutzak eskuratzea da helburua, ikasteko eta bizitza osoko lanbide-ibilbiderako prestatzeko era praktikoa baita.

Estatuan duen lidergoari esker –unibertsitatea eta bere fakultate guztiak ikaskuntzako metodologia berritzaile horren babesle izateagatik ezagunak dira–, MONDRAGON UNIBERTSITATEA IJCLEE 2015 mundu biltzarra egiteko aukeratu zuten.

Ekitaldia unibertsitatearen Donostialdeko Orona Ideo campusean egingo da, eta ikaskuntzako metodologia horren alorreko elkarterik nabarmenenen laguntza izango du. Horien artean dago Aalborgeko unibertsitatea (Danimarka). Unibertsitate hori Arazoetan Oinarrituriko Ikaskuntzako UNESCO zentroa da Ingeniaritzako Zientzien eta Iraunkortasunaren alorrean, eta erreferentzia munduan. Gainera, honako hauen babesa ere badu: Universitat Politécnica de Cataluña (UPC), Universidade do Minho (Portugal) eta Saxion University of Applied Sciences (Holanda).

Egitaraua

Biltzarra hiru egunetan egingo da, uztailaren 6tik 9ra. Askotariko publikoari dago zuzenduta, hala nola ingeniaritza-alorreko ikasleei, irakasleei, ikertzaileei, enpresei eta erakundeei. Mundu mailako ingeniaritzako ikaskuntzako hiru ikuspegi berritzaile handi bilduko dira. Horri esker, hainbat ikuspegitatik komunitateen arteko eztabaida gurutzatua sortu ahal izango da, baita hezitzaileen arteko sareak ere. Lehen egunean, uztailaren 6an, “Ingeniaritzaren irakaskuntzan ikaskuntza aktiboa" izeneko lantegia egingo da. Ingeniaritzako ikasleei eta irakasleei zuzendurik dago eta ALErekin (ikaskuntza aktiboaren bitartez ingeniaritzako hezkuntza hobetzea xede duen ingeniaritzako irakasleen nazioarteko sarearekin) lankidetzan antolatu da. Uztailaren 7an Ingeniaritzako Hezkuntzaren inguruko Proiektuen Ikuspegiei buruzko Nazioarteko Sinposioa egingo da, eta uztailaren 9an Arazoetan Oinarrituriko Ikaskuntzari buruzko Ikerketaren Nazioarteko Sinposioa, Aalborgeko Unibertsitatearekin batera antolatua. Hori Arazoetan Oinarrituriko Ikaskuntzako UNESCO zentroa da, hain zuzen. Biltzarraren arduradunak, MONDRAGON UNIBERTSITATEko irakasle eta ikertzaile Nestor Aranak, dioenez, “egoera berrietara egokitzeko gizarte-inguruneetan sarean ezagutza sortzeko estrategiak behar ditugu, ezagutza transmititzeko erabili ohi diren estrategien bestelakoak”.

Biltzarrak, azken finean, aukera emango du jardueretan eta lantegietan parte hartuz ikasteko, esperientziak eta emaitzak beste unibertsitate batzuekin partekatzeko, unibertsitatearen ereduan aurrera egin ahal izateko ingeniaritzako hezkuntzan ikerketarako oinarriak finkatzeko eta gure ereduaren egoerari buruz gogoeta egiteko nazioarteko foroa izateko. Eredu hori, hain zuzen, buru-belarri sartuta gauden etengabeko eraldaketa-prozesua bultzatzeko funtsezkoa da.

Hizlariak

Biltzarrean hizlari arituko dira, besteak beste, honako ikertzaile hauek:
Erik de Graaff irakaslea, ALEko lehendakariordea eta Aalborgeko (Danimarka) unibertsitateko Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzako UNESCO zentroko kidea. Graafek gai horren inguruko 200 artikulu eta hitzaldi baino gehiago prestatu ditu, eta 2008az geroztik, gainera, Ingeniaritzako Hezkuntzako Europar Aldizkariko burua ere bada.

Jennifer Turns irakaslea, psikologoa, Gizarte Zientzietan doktorea eta Washingtoneko unibertsitateko diseinu eta ingeniaritza saileko irakaslea. Erabiltzailearengan oinarritutako diseinuaren alorreko eta ingeniaritzako hezkuntzako ikertzailerik ospetsuenetako bat da bera.

Michael Christie Stockholmeko unibertsitateko irakaslea, ingeniaritzan eta goi-mailako hezkuntzan ikaskuntza aktiboa sustatzeko erarik hoberena aztertu duena.
Virginie Servant irakaslea. PBLren historiari eta haren sustrai filosofikoei egindako ekarpenagatik ezaguna da mundu osoan.

Punta-puntako esperientziak

Biltzarrean Ingeniaritzaren alorreko Arazoetan eta Proiektuetan Oinarrituriko Ikaskuntzari buruzko punta-puntako esperientziak erakutsiko dira, ondoren ingeniaritzako prestakuntzaren ildoak finkatzeko. Topaketari esker, MONDRAGON UNIBERTSITATEAK metodologiaren inguruko bere esperientzia ezagutzera emateko eta nazioartean posizionatzeko aukera izango du, baita ikerketa-proiektuetarako ezagutza-sareak sortzeko aukera ere. PBL MONDRAGON UNIBERTSITATEAren bereizgarria da.

Ingeniaritzen alorreko ikaskuntzako mundu biltzarra egiteak unibertsitateari aukera ematen dio ikaslea helburu duten metodoetan esperientzia handiko ingeniaritza-alorreko sarerik aurreratuenetan egoteko.

Arazoetan Oinarrituriko eta Proiektuetan Antolaturiko Ikaskuntzaren ikasteko metodoan ikasleek, taldeetan antolatuta, benetako arazoei –adierazgarriei– aurre egiten diete, ikuspegi kritiko batetik aztertuz eta arazoa bere osotasunean konpontzeko konponbiderik egokienak identifikatuz eta eraikiz. Gainera, bizitza osorako eta edozein egoeratarako baliagarria da estrategia hori. Ingeniaritzaren kasuan, arazoek energiarekin, osasunarekin, lehengaiekin, iraunkortasunarekin eta abarrekin dute zerikusia.

Iturria: MONDRAGON.edu

 

like0

Viewed 166 times