Global Innovation Day berrikuntza foro garrantzitsuan izango da IK4-Ikerlan.

Global Innovation Day delako jardunaldia egingo dute bihar, ekainak 3, Bilboko Euskalduna jauregian, eta Arrasateko IK4-Ikerlan zentro teknologikoak erakusle gisa parte hartuko du, Orona, CAF, Fagor Automation eta Fagor Electrónicarekin batera garatu dituen produktuak erakusten.

Global Innovation Day aurkeztu zuteneko prentsaurrekoaren une bat. | Argazki originala

IK4-Ikerlanek azaldu du egun hori aprobetxatuko duela bere bezeroekin batera sortu dituen produktuak erakusteko garraioan, igogailuen sektorean eta ekipamendu-ondasunetan. Horretarako erakusketa-postua izango du Euskalduna jauregian. Egin duenaren adibide batzuk erakutsiko ditu eta, horien bitartez, honako hau frogatuko du: teknologia oinarri bakarretik abiatuta, sektore askotarako balio duten irtenbideak emateko gai dela.

Igogailuen sektorean, Oronarekin batera sortu dituen igogailuetarako hiru produktu erakutsiko ditu: kontrol orokor bat, energia kudeatzeko sistema bat eta igogailua eta enpresaren kudeaketa eta kontrol zerbitzuak elkarrekin konektatzeko sistema elektroniko bat.

Garraioan, CAFekin egin dituen produktuak erakutsiko ditu: trenetarako informazio eta komunikazio sistema bat eta energia biltzeko sistemaren ultrakapazitate-taldeak kontrolatzeko sistema bat.

Ekipamendu-ondasunei dagokienez, Fagor Automationekin garatu duen azken belaunaldiko zenbaki-kontrola eta, bestetik, Fagor Electronicarekin telebista-zerbitzuak prozesatzeko plataforma malgua erakutsiko ditu IK4-Ikerlanek.

Eroski, antolatzaileetako bat

Global Innovation Day laugarren urtez egingo dute. Euskal enpresen berrikuntza-foro handia da, eta Innobasquek, Euskal Berrikuntza Agentziak bultzatzen du. Bederatzi enpresa daude Batzorde Antolatzailean, tartean IK4 eta Eroski.

Iturria: GOIENA.eus

like0

Viewed 238 times