Mondragon Unibertsitateko Diseinu Berrikuntza Zentroak “Diseinua eta I+G” jardunaldi-tailerretan parte hartu du.
Jardunaldiaren helburua industria eta diseinatzaileak gerturatzea eta horien arteko lankidetza sustatzea izan da, baita produktu eta zerbitzu berritzaileak garatzeko orduan diseinuak duen funtsezko indarra agertzea ere, enpresei lehiakorragoak izaten laguntzeko, hain zuzen.
Diseinua ez da produktuak politago bihurtzen dituen elementu estetiko bat bakarrik. Diseinua prozesu egituratu bat da, eta pertsonen premiak, xedeak eta gaitasunak aztertu ostean, aukerak identifikatu eta horiek produktu eta zerbitzu berritzaileetan gauzatzen ditu, bezeroarentzat oso esanguratsuak, negozio-ikuspegitik bideragarriak eta teknologikoki egingarriak izateko moduan. Horregatik, diseinuak I+G+b eta berrikuntza arloko edozein prozesurekin lotuta egon behar du.
Jardunaldiak izaera praktikoa izan du, eta bertan, zenbait enpresa, teknologia-zentro eta unibertsitatek beren ikuspegia partekatu dute diseinua I+G+b eta berrikuntza-jardueretan txertatu beharrari dagokionez. MORMENDI enpresak eta SURGENIA Andaluziako Diseinuaren Teknologia Zentroak diseinuak enpresen berrikuntza-faktore gisa duen dimentsio estrategikoa azaldu diote publikoari, betiere diseinuaren xede izango diren pertsonak aztertu eta ezagutzeak duen garrantzia azpimarratuz. Gero, finantziazio-aukeren deskribapen labur bat egin da Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren (CDTI) aldetik. CRICURSA eta UNYQ enpresek teknologiaren eta diseinuaren arteko konbinazio arrakastatsua islatzen duten zenbait proiektu aurkeztu dituzte. Jardunaldia amaitzeko, mahai-inguru bat egin zen, eta bertan, MU-DBZ zentroak parte hartu zuen MANUKET plataformaren izenean, PRAXXIS, MINECO, MORMENDI, PLATECMA eta SURGENIA enpresekin batera. Azken fase horretan argi eta garbi geratu zen moduan, diseinu-prozesuak enpresen berrikuntza- eta garapen-prozesuetan txertatu behar du sistematikoki, eta hori da erronka nagusia, baina horretarako, elkarrekintza handiagoa behar da enpresen, teknologia-zentroen eta diseinatzaileen artean, baita erakundeen laguntza handiagoa ere.
Iturria: mondragon.edu
Viewed 197 times
