Ekintzailetasuna sustatzeko helburuarekin egiten ari dira gaur Aktion! jardunaldia.

Arizmendiarrietaren Lagunak elkarteak bultzatuta ekintzailetasunaz eta kooperatibismoaz jardun dute Garaia berrikuntza gunean egin den Aktion jardunaldian. Besteak beste, Mondragon eta Goiener kooperatika taldetako kideak; eta Igor Urien eta Axi Muniain kirolariek hartu dute parte.

Ekintzailetasuna sustatu, belaunaldi arteko transmisioa bultzatu eta elkarlana ereiteko asmoz egin dute gaur Aktion! jardunaldia. Arizmendiarrietaren Lagunak elkarteak eta Login Lan junior kooperatibak bultzatuta, ekintzailetasun eta kooperatibismoaren inguruko esperientzia desberdinak entzuteko aukera izan da Garaia Berrikuntza Guneko Living Lab aretoan.

Bertan izan dira besteak beste, Goiener kooperatiba elkarteko kideak; baita Josu Zabala, MUko errektorea; Jon Irurzun, Gipuzkoa Berritzeneko zuzendaria; Andoni Gartzia, Garaia Berrikuntza Guneko zuzendaria; Mikel Lezamiz, Mondragoneko Hedapen Kooperatiboaren arduraduna; eta Erkide kooperatiba elkarteko Juan Mari Concha. Beraiekin batera LEINN graduko ikasleak, eta Emaus eta Laboral Kutxa moduko erakundeetako zenbait arduradun izan dira.

Egunari hasiera emateko Zestoako Antzerki Taldeak jardunaldira hurbildu diren lagunen artean elkarlana sustatzeko antzezlana egin du. Aktioneko arduradunek esan digutenez, horrelako antzezlanak ohikoak dira Google moduko multinazionaletan, eta gaurko moduko saioetan oso baliagarriak izan daitezke. Behin antzezlana bukatuta, partehartzaileak taldeka banatu, eta beraien esperientziak elkarbanatu dituzte World Coffee deritzon dinamikan. Partehartzaileak mahai desberdinetan banatu dituzte, eta talde bakoitzari gai bat jarri diote ondorioak atera ditzan.

Ordu betez jardun dute gai hauen inguruan hizketan, eta behin eztabaida bukatuta eguneko hitzaldiei eman diete hasiera. Bertan, lau esperientzia ekintzaile entzun ahal izan dira Mikel Yerobia, Goiener kooperatiba elkartearen, Sustraibarri eta Igor Urien 3 Formulako pilotuaren ahotik. Saioari amaiera emateko Axi Muniain surflariak motibazio hitzaldia eskaini du. Denera 80 lagun inguru bildu dira gaurko jardunaldian.

Iturria: MONDRABERRI.com

like0

Viewed 142 times