LoL Junior Kooperatibako gazteek bigarren eskuko azoka egin zuten Seber Altuben

Egun egokia izan ez bazen ere, balorazio positiboa egin dute. LoL Junior Kooperatibako gazteek “learning by doing” eredua daramate aurrera, ekinez ikasten, hain zuzen ere. Beren arropa marka propioak ere sortu dituzte lehenengo pausu moduan.

595 (id: 7137719)

LoL Junior Kooperatibako gazteek bigarren eskuko azoka egin zuten atzo, domeka, Seber Altuben, Yellow Hand izeneko ekimenaren barruan. Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza (LEINN) graduko ikasleak dira hauek eta tartean, Raul Uriarte eta Asier Amutxastegi arrasatearrak daude. Aurtengo kurtsoan zehar, LoL Junior Kooperatiba sortu dute Euskal Herriko 15 ikaslek eta praktikaren bitartez, izaera berritzailea daukaten proiektu eta ideiak burutzea dute helburu. Adierazi digutenez, Yellow Hand proiektuaren garapenerako oso garrantzitsua izan da Want Junior Coop.eko kide batzuek aurretik egindako lana.

Atzoko goizean zehar, bigarren eskuko arropa merke jarri zuten salgai eta bertaratutako herritarrek, bigarren eskuko arroparen bat azokara eramanez gero, deskontua izan zuten beren erosketatan. Seber Altuben muntatutako postua ekimenaren zati bat besterik ez da, izan ere, beren asmoa irabaziak inbertitzea eta beste proiektu batzuk garatzea da. Atzoko azoka ez zen lehena izan gazte hauentzat eta ekiteko gogoa azaldu dute aldi guztietan ere. Oso denbora laburrean, baimenak lortu, jende ezberdinarekin kontaktuan jarri, marketina egin, material guztia kudeatu… egin behar izan dute eta pozik agertu dira aurrera daramaten proiektuarekin.

Domeka beroa izan zen atzokoa eta nahi baino mugimendu gutxiago izan zen bigarren eskuko azokan. Hala ere, esperientzia gisa asko balio izan die eta modu honetan, learning by doing eredua garatzen dute; ekinez ikasi, hain zuzen ere. Gainera, Asier Amutxastegi eta Raul Uriartek A Mas Gas arropa marka sortu dute eta Amaia Viana altsasuarrak Savage marka. Atzoko azokan marka berri hauetako arropak erosteko aukera izan zuten herritarrek.

LEINN graduko ikasle hauek ekintzaren bitartez aurrera atera gura dituzte beren gustuko proiektuak eta horretarako lehenengo pausuak ematen dabiltza.

Iturria: MONDRABERRI.com

like0

Viewed 267 times