Jose Mujica presidentea Arrasaten izan da

Ezohiko bisita izan dugu gaur goizez Arrasaten. Segurtasun neurri handien artean, José Múgica, Uruguaiko presidentea Mondragonen  egoitza nagusia eta MUko Ingeneritza Fakultatea bisitatzen izan da. Berekin batera herrialde hegoamerikarreko Kanpo Harremanetarako ministroa Luis Almagro; Industria, Energia eta Meatzaritza ministro Roberto Kreimerman; Abelzaintza, Arrantza, eta Nekazaritza ministro Tabaré Aguerre, eta Uruguaik Espainian duen enbaxadorea Francisco Bustillo Bonasso izan dira Arrasaten.

Ordu erdiko aurrerapenarekin, goizeko 10.30tan heldu da José Múgica presidentea buru zuen ordezkaritza Mondragonek Olandixon duen egoitza nagusira. Bertan, Txema Gisasola Mondragoneko lehendakariak ongi etorria eman dio, eta berekin batera egon dira baita, Martin Garitano Gipuzkoako Aldun Nagusia, Inaxio Azkarragaurizar Arrasateko alkatea, eta Josu Zabala MUko errektorea.

Bere oinordekoen herrian, Muxikan, lo egin ostean etorri da Arrasatera José "Pepe" Mújica presidentea. "Euskal Herrian kurba gehiegi" daudela esan du Olandixoko egoitza nagusia zapaldu eta berehala. Egunotan Euskal Herrira egin duen bisitagatik hunkituta azaldu da gainera presidente uruguaitarra, "gure arbasoentzat gauzak benetan gaizki izango ziren Euskal Herria bezalako leku miresgarri batetik ihes egiteko" esan du.

Hunkitzeko tarte txikia izan du baina José Múgica presidenteak. Mondragonen egoitza nagusira heldu eta segituan, Mondragon taldearen historiaren laburpena egiten zuen ordu laurdeneko bideoa erakutsi diote presidenteari. Horren ostean, eguneko momenturik garrantzitsuena heldu da. Uruguaiko gobernuak bilera egin du Mondragoneko agintariekin, eta bertan Roberto Kreimerman Uruguaiko Industria, Energia eta Meatzaritza ministroak lankidetza akordioa sinatu du Josu Ugarte Mondragon Internazionaleko lehendakariarekin.

Olandixotik Ingeneritza Fakultatera

Bisita azkarra izan da gaur goizez Uruguaiko presidenteak Arrasaten egin duena. Olandixoko bilera bukatu eta berehala MUko Ingeneritza Fakultatera jaitsi da Múgica bere ordezkaritza guztiarekin batera. Unibertsitatean, Josu Zabala errektoreak MUk duen eredua zein den azaldu dio presidenteari kanpuseko lorategitatik oinez eman duten bueltan. Múgicak MUko finantziazioaz galdetu dio Zabalari, eta honek unibertsitateak arlo honetan duen politikari buruzko zehaztasunak eman dizkio.

Lorategitatik eman duten pasioan, agintariek geldialdia egin dute Jose Maria Arizmendiarrietaren busto parean. Josu Zabalak momentua aprobetxatu nahi izan du, Uruguaiko presidenteari "jakintzak aske egingo zaitu" zihoen plaka oparitzeko. Agintari hegoamerikarrak eskerrak eman dizkio Zabalari opariagatik, eta honen ostean Goi Eskola Politeknikoko aretora joan dira guztiak MUren inguruko azalpenak jasotzera.

Gaurko bisita MUko Ingeneritza Fakultateak Uribe auzoan dauzkan laborategietan bukatu dute. Josu Zabala errektoreak, laborategietan egiten duten lana azaldu dio José Múgicari, automobilgintzan martxan dauzkaten ikerketak azpimarratuaz. "Hauek kotxe bat erregalatuko digute" esan dio brometan Mújicak bere Kanpo Harremanetarako ministroari. MUk kotxe elektrikoen ikerkuntzan egin dituen aurrerapausuez hitz egin dute hain zuzen gaur goizeko bisita gidatuan, eta Uruguaiko presidenteak interes handia erakutsi du unibertsitateko irakasle desberdinek emandako azalpenetan.

Eguerdiko hamabi eta erdietan bukatu da José Múgica Uruguaiko presidenteak Arrasatera egin duen bisita. Mondragoneko goi agintariekin batera, kooperatibak Olandixon duen baserrian bazkaldu du José Múgica presidenteak, arratsaldez Galiziarako bidea hartu aurretik. Gaur goizez Olandixo eta MUn jasotako irudien galeria daukazue hemen.
 

ARGAZKI GALERIA

 595 (id: 7046351)

 

 

595 (id: 7061018)

 

 

595 (id: 7073769)

 

 

595 (id: 7094387)

 

 

595 (id: 7114420)

 

 

595 (id: 7131053)

 

 

595 (id: 7149560)

 

 

595 (id: 7166473)

 

 

595 (id: 7184927)

 

 

595 (id: 7201902)

 

 

595 (id: 7219536)

 

 

595 (id: 7243287)

Iturria eta argazkiak: MONDRABERRI.COM

like0

Viewed 362 times