MUk eta ITPk aeronautika sektoreko ikerkuntza teknologikoa bultzatzeko hitzarmena sinatu dute

Mondragon Unibertsitatea ITPren aliatu estrategikoa izango da gaur sinatutako akordioaren ondorioz. Aeronautika krisiaren eragina jasaten ez duen sektore ia bakarra da eta datozen urteetan horren eskariak gora egitea aurreikusten da.

595 (id: 2443628)

 

Testua: MB/Argazkia: VK Comunicación- 2013/05/24

 

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak eta ITP (Industria de Turbo Propulsores) enpresak aurrerapauso bat eman dute duela hamar urtetik hona egiten duten lankidetzaren bidean eta gaur, egubakoitza, lankidetza-hitzarmena sinatu dute Arrasten. Horren bidez, Eskola Politeknikoa ITPren aliatu estrategikoa izango da. Gaur sinatutako akordioaren ondorioa bi aldeen arteko ikerkuntza-programa koordinatua abian jartzea izango da, materialen eta horien eraldaketa-prozesuen arloan. Hala, enpresaren fabrikazio-prozesuak eraginkorragoak izango dira Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren instalazioetan egingo diren industria aurreko saioei esker. Hitzarmenaren indarraldia bost urtekoa izango da hasiera batean, baina luzatzeko aukera zabalik geratzen da.

Gaurkoan, fakultateko zuzendari Vicente Atxak eta ITPko Ingeniaritza eta Teknologia alorreko zuzendari Jose Ignacio Urizarrek sinatu dute hitzarmena, Mondragon Unibertsitatearen instalazioetan.

Aeronautika sektorea krisiaren eraginaz kanpo dago

Datuen eta aurreikuspenen arabera, aeronatukako azpiegituren eta materialen eskaria handia izango da datozen urteetan. Gauzak hala, sinatutako hitzarmenak berebiziko garrantzia dauka une hauetan; izan ere, krisi ekonomikoaren ondorioz industria-sektore gehienak kinka larrian dauden bitartean, aeronautika sektoreak krisialdiaren eraginaz kanpo jarraitzen du. Beraz, hitzarmenaren beste helburu bat egoera horretaz eta sektorearen hazkundeaz baliatzea da, bazkide estrategikoekin egindako aliantzen bidez, sektorean ikerkuntza, analisia eta sustapena bultzatzeko eta jarduera indartzeko.

Hitzarmenaren ondorioz, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ITPko etorkizuneko ikertzaileak prestatu eta trebatzeko ardura izango du. Aldi berean, hitzarmenaren bidez, bi entitateek handitu egingo dute beren gaitasun teknologikoa, I+G alorrerako Europako, estatuko edo eskualdeko laguntzak eskuratzeko deialdi eta proiektuetan parte hartuz.

Halaber, hitzarmenak oinarrizko ikerkuntzako proiektuak eta ikerkuntza aplikatukoak sustatuko ditu, bi aldeek prestakuntzari lotutako ikastaro, mintegi eta jardunaldiak antolatuko dituzte eta, azkenik, doktorego-tesiak egiteko elkarlanean jardungo dute.
Hala behar badu, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak gas-turbinetan ikertzeko berariazko espazio bat atonduko du bere instalazioetan. Hitzarmenak goi-mailako laborategiak sortzeko helburua ere aurreikusten du, epe luzeagoan. Laborategi horiek 1:1 eskalako ekipo eta azpiegiturez hornituta egongo dira eta, horietan, probak egin, prozesuak doitu eta produktibitateak eta prozesuek azalaren osotasunean eragindako inpaktuak ebaluatuko dira, abian jarri aurretik. Azken helburua, esan bezala,  produkzio-baliabideak optimizatzea eta horietan ezarritako aldaketen arriskuak gutxitzea da.

Iturria: MONDRABERRI.com

 

like0

Viewed 193 times