Mondragon Unibertsitateak hiru ingeniaritza berri eskainiko ditu

Ingeniaritza Biomedikoa Arrasaten emango da; Energia Ingeniaritza eta Prozesu Industrialetako Ekoteknologiako Ingeniaritza, ostera, MUk Donostialdean sortu duen campus berrian. Helburua, “gure enpresen lehiakortasuna bultzatzeko gai izango diren ingeniaritzako profesionalak trebatzea da”.

595 (id: 628389)

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ingeniaritzako bederatzi gradu jarriko ditu abian 2013-2014 ikasturtean eta hauetako hiru sortu berriak dira; Energia Ingeniaritza, Ingeniaritza Biomedikoa eta Prozesu Industrialetako Ekoteknologiako Ingeniaritza, hain zuzen ere. Arrasateko campusean Ingeniaritza Biomedikoa emango da eta beste biak, ostera, Mondragon Unibertsitateak Donostialdean sortu duen campus berrian (ORONA-IDeO- Innovacion City Poloan). Prozesu Industrialetako Ekoteknologiako Ingeniaritzako titulua aintzindaria da Estatuan, orain arte Alemanian baino ez baita eman. Eskaintza honekin, MUak adierazten duenez, “goraka datozen eta etorkizunean hazkunde-tasa handia izango duten sektoreetan gure enpresen lehiakortasuna bultzatzeko gai izango diren ingeniaritzako profesionalak trebatzea”, da helburua.

Europan nahiz munduan sektore estrategikotzat identifikatu dira energiaren, osasunaren eta teknologia garbien sektoreak. “Gure enpresa-ehuna eraldatzekotan, sektore horietan egoki kokatu beharra dugu”, diote unibertsitatetik eta gainera, titulazio horiek Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2020 Energia Estrategiari eta Europako Batzordearen Energy Strategy for Europe 2020ri ere erantzuten diete. Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren helburua lehiakortasunean, hornikuntza-segurtasunean eta karbono-erabilera murriztuan geroz eta iraunkorragoa izango den energia-sistema lortzea da, eta Europako Batzordeak, berriz, berotegi-efektuko gasen isuriak murriztu nahi ditu, energia berriztagarrien sorkuntza eta energia-eraginkortasuna % 20an areagotuz. Gainera, osasunari loturiko teknologia Espainiako ekonomia-eredua aldatzeko funtsezko palankatzat jo da.

Aldaketa hori burutzeko, baina, “ezinbestekoa da sektore horietan prestatutako profesionalak ere eskura izatea”, dio Mondragon Unibertsitateak. Hala, aukera hori eta enpresen premia ikusirik, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak arlo horietako espezialisteak trebatuko dituzten hiru ingeniaritza-titulazio berri eskainiko ditu 2013-2014 ikasturtean. Hartara, merkatuaren eta enpresen premiei erantzun eta, aldi berean, geografiaren nahiz titulazioen ikuspuntutik hazi egin da Goi Eskola Teknologikoa, ikasleen, enpresen eta gizartearen premiei hobeto erantzuteko asmoz.

Iturria. MONDRABERRI.com

like0

Viewed 183 times