Mondragon Unibertsitatea, Mondragon Korporazioa eta Repsol energia-komunitateez aritu dira
“Etorkizuneko energiari begira, nahitaezkoa izango da ekoizpenean karbonoa baztertuko duen egitura-aldaketa gauzatzea” berretsi dute Unibertsitatetik.
“Energia ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko ereduak aldatzea ahalbidetuko duen trantsizio energetikoa ezinbestekoa da deskarbonizazioaren helburua lortzeko”.
Testuinguru honetan, “energia-komunitateak sortzen ari dira”, eta eredu hau “herri-mailakoa da, azken hilabeteetan goraka doana; izan ere, energia-sistema deszentralizatua, efizientea eta elkarlanekoa sortzeko aukera ematen du”.
Testuinguru honetan, Mondragon Unibertsitateak, Mondragon Korporazioak eta Repsol Fundazioak jardunaldia egin dute gaur goizean Garaia Parke Teknologikoan.
Era berean, “egun merkatuan dauden ereduen berri eman dute, horiei buruzko araudia azaldu eta arrakasta-kasu batzuk aurkeztu dituzte. Hitzaldi eta mahai-inguruen bidez, adituek energia-komunitateen inguruko zenbait alderdi azaldu dituzte”.
Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak eta Repsol Fundazioko lehendakariorde Antonio Calçadak eman diote hasiera jardunaldiari.
Itxieran, berriz, hizlari izan dira Aitor Arzuaga Alba Emission Free Energyko kontseilari delegatua, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia eta Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko lehendakaria.
Ekitaldia Repsol Fundazioaren Open Room ekimenaren barruan antolatu da. “Trantsizio energetikoari buruzko ezagutza- eta dibulgazio-gune digitala da” azaldu dute Mondragon Unibertsitatetik, “eta arlo publikoko, pribatuko, akademikoko eta sozialeko aditu eta erakunde ospetsuak ditu partaide”.
Open Roomek “10.000 kidetik gora biltzen ditu, eta horiek guztiek eskura dituzte trantsizio energetikoaren inguruko kalitate handiko informazioa eta ekitaldiak, askotariko formatuetan eta hainbat gairi buruzkoak: ekonomia zirkularra, energia-efizientzia, mugikortasun jasangarria, hidrogenoa, isuri baxuko erregai sintetikoak eta abar”.
Azken hiru urteetan, “trantsizio energetikoarekin lotutako 60 ekitalditik gora egin dira, eta 45.000 ikusle baino gehiago izan dituzte. Ekitaldiotan 300 hizlarik baino gehiagok hartu dute parte, eta horien artean daude, besteak beste”:
“Europako Batzordeko kideak, ministroak, enbaxadoreak, Estatu-idazkariak, katedradun ospetsuak, alkateak, enpresa garrantzitsuetako lehendakari eta CEOak, esparru akademikoko eta zientziaren alorreko izen handiko adituak, eta elkarteetako, think tanks taldeetako eta nazioarteko erakundeetako ordezkariak”.
“Kontsumitzaile huts izatetik kontsumitzaile eta ekoizle izatera”
Energia-komunitateen asmoa “kontsumitzaileen eta energiaren arteko harremana eraldatzea da, helburu argiarekin: kontsumitzaile huts izatetik energiaren kontsumitzaile eta ekoizle izatera igaro daitezen”.
Energia-sistema efizientea sortuko duen “zenbait eragileren arteko lankidetza-sarea da horretarako oinarria. Herritarrak, tokiko administrazioa eta enpresa txiki eta ertaina dira elkarlanean arituko diren eragile horiek”.
Energia-komunitateek askotariko jarduerak jar ditzakete martxan: “energia berriztagarrien sorkuntza, autokontsumo partekatuaren eta sorkuntza-instalazio partekatuen bidez; energia-banaketa; energia-hornikuntza, energia berriztagarria partaide guztien artean erosita; partikularren arteko «peer to peer» energia-trukea; energiaren biltegiratze partekatua; bertako bizilagunentzako, saltokientzako eta industriarako energia-efizientziako zerbitzuak eskaintzea, hala nola ibilgailu elektrikoak kargatzekoa, eta abar”.
Iturria: mondraberri.eus
Viewed 55 times