La Merced-eko belaunaldien arteko etxekidetza (cohousing) zuzkidura-etxebizitzatan oinarrituko da.

ISEAk La Merced-eko ikastetxean belaunaldien arteko etxekidetza (cohousing) garatzeko proiektuaren bigarren bertsioa aurkeztu dio Arrasateko Udalari.
Proiektuak gazteentzako, adinekoentzako eta premia bereziak dituzten giza-taldeentzako zuzkidura-etxebizitzak garatzea proposatzen du, guztiak cohousing baten inguruan uztarturik.
ISEA eta Udala harremanetan daude Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin eta Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailarekin etxekidetza (cohousing) garatzeko.
Ikastetxearen egitura eta tankerak eta, bereziki, gelen neurriek 1, 2 edo 3 logelako 65 apartamentu diseinatzea ahalbidetu dute. Eraikinerako sarbide orokorra gaur egun ikastetxearen egungo sarrera dagoen leku beretik egingo litzateke.
Etxebizitzak ikasgela-besoen hegoalderantz kokatuko lirateke, beti ere argiztapen hoberena lortze aldera. Berriz, ikastetxearen iparraldeko aldea etxebizitzen sarrera kokatuko lirateke korridore luze baten bitartez.
Eskailera nagusien ondoan eta bi gela-besoen artikulazio-gunean, lau solairuetan, etxekidetza zerbitzua emango dioten erabilera komunak kokatuko lirateke.
Hormei dagokienez, adreilu gorria gordeko litzateke, la Merced ikastetxean hain berezia dena, eta ikasgelen leihoak etxebizitza bakoitzerako terrazak sortzeko erabiliko lirateke .
Apartamentuek ipar-hego norabidea izango lukete, eta horrek ahalik eta gehien aprobetxatuko lituzke ikastetxeak eskaintzen dituen argiztapen nahiz ikuspegi bikainak. Horrela, 65 apartamentuek iparraldeko pasillo-korridoretik izango lukete sarbidea, sukaldera eta komunera sartzeko. Ondoren, egongela eta gela egongo ziren, eta horiek terrazarako sarbidea eta hegoaldera begira dagoen leihate bat izango zituzten.
Logela bateko apartamentuek 56 metro karratu izango lituzkete, 2 logelakoek berriz 71 metro karratu, eta azkenik, 3 logelako apartamentuek 85 metro karratu izango lituzkete. Apartamentu den-denek 9 metro karratuko terraza izango lukete.
ISEAk eta Udalak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin izandako harremanetatik ondoriozta daitekeenez, haren estandarren arabera, 65 apartamentu horiek eraikitzeko kostua 3.4 milioi euro ingurukoa izan daiteke, gutxi gorabehera.
Apartamentuen diseinua ISEAk eta KREANek egin zuten hasiera batean. Ondoren, ID-Arte (EHU-UP) Barne Diseinuko 3. mailako ikasleek apartamentuen diseinu zehatzak landu dituzte.
Bestalde, La Merced ikastetxeak bi arlo interesgarri ditu Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailaren "Zaintza eta Gizarte Politikaren 2023-27 Mapa" delakoan aurreikusi daitezken zerbitzu berezi batzuk garatzeko. Aipatu mapa Foru Aldundia amaitzen dabil, eta premia bereziak dituzten giza taldeentzako zerbitzu-mota berriak garatzeko asmoa erakutsiko du. Horretarako, lehen hurbilketa batean, ISEAk aurkeztutako proiektuaren bigarren bertsioak ikastetxeko bi eremu zehatz jasotzen ditu: 1. gunea hegoaldeko patioaren lurzoruaren mailan egongo litzateke, eta 2.a iparraldeko patioaren lurzoruaren mailan.
Atal zehatz hori dagokienez, ID-Arte (EHU-UP) Barne Diseinuko 3. mailako 35 ikaslek ikasturte amaierako proiektua garatu dute, Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailarentzat interesgarriak izan daitezkeen tutoretzapeko apartamentu batzuk diseinatuz. Apartamentu horietako bizitegi-eremuak (sukaldea, egongela, logelak) ikastetxearen hegoaldeko patiora zuzenduta egongo lirateke. Horrela, leiho eta balkoietatik hegoaldeko patioaren ikuspegi zuzena izango litzateke.
La Merced-eko belaunaldien arteko etxekidetzaren proiektua ADINBERRI Fundazioak bultzatutako “Hariak-Gipuzkoan bakardadeari aurre egiteko estrategia” deritzonarekin lotuta dago.
Era berean, Diputatu Nagusiaren Sailak eta ADINBERRI Fundazioak Etorkizuna Eraikiz Planaren testuinguruan bultzatutako "Gipuzkoa Belaunaldi artekoa" ekimenaren atal bat da.
Viewed 43 times