Soziala, solidarioa eta bideragarria.
Latinoamerikan ekonomia sozial eta solidarioan dabiltzan hamasei lagun master bat egiten ari dira Mondragon Unibertsitatean: elkarteetan eta indigenekin egiten dute lan, batik bat, eta euren egitasmoak sendotu eta bideragarri izan daitezen trebatuko dituzte martxoaren 23ra bitartean.
Urtarriletik martxora jasoko dute masterra: proiektuak garatuko dituzte Aretxabaletan; hala, itzuleran, martxan jar ditzaten euren jatorrian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
2018ko otsailak 6
Latinoamerikako zortzi herrialdetako hamasei lagun MU Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako (Gipuzkoa) campusean daude urte hasieratik: Ekonomia Solidarioaren Garapenerako Kudeaketa Ekonomiko eta Sozialean izeneko ikastaro espezializatua egiten ari dira. Boliviatik, Kolonbiatik, Ekuadortik, Perutik, El Salvadortik, Mexikotik, Paraguaitik eta Nikaraguatik iritsi dira Aretxabaletara: udalak utzitako komentu bat dute ostatu, eta Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea dute ikastaroaren egoitza; MUk eta Alboan fundazioak elkarlanean antolatu dute ikastaroa.
Egunotan ikasle badabiltza ere, elkarte, kooperatiba edo gobernuz kanpoko erakundeetan egiten dute lan, eta helburu nagusia da esku artean dituzten proiektuetan sakontzea eta horien bideragarritasun ekonomikoa hobetzea, ikastaroaren koordinatzaile Leire Uriartek azaldu duenez. «Finantza kontuak lantzeko ikasgaiak dituzte, baita arlo sozialarekin lotutakoak ere: parte hartzea, generoa, ingurumena, lurralde garapena...».
Nork bere proiektua du: ikastaroan, horiek garatzeko tresnak eskuratuko dituzte, eta itzuleran, martxoaren amaieran, proiektu horiek martxan jarriko dituzte. Eta, Aretxabaletan egon arren, euren lankideekin kontaktuan daude, etengabe, proiektua finkatzeko datu errealak behar baitituzte. Egonaldia amaitzen dutenean, ikasitakoak lankideei azaldu eta praktikan jartzea egokituko zaie, eta, Uriartek azaldu duenez, jarraipena egingo diete.
«Ikasgaiez gain, tutoreen laguntza daukate: kooperatibetan eskarmentu handia duten pertsonak dira, gure ingurukoak, batez ere, Mundukide fundaziokoak eta Arizmendiarretaren Lagunak elkarteko lagunak», nabarmendu du Uriartek. Hau da, Euskal Herrian eta munduan kooperatibismoan eredu izandako jendea dute, orain, irakasle.
CRISTINA MENDEZ ALVAREZ
Yomol A'Tel erakundeko kontularia, xaboi ekoizleen laguntzailea
«Bezeroak hornitzea bezain inportantea da lan antolaketa zaintzea»
Elkarrekin ibili, elkarrekin lan egin, elkarrekin amestu: horixe da tzeltal hizkuntzako Yomol A'Tel esapidearen esanahia. Izen hori du Cristina Mendez Alvarezek (Chiapas, Mexiko, 1988) lan egiten duen erakundeak: hiru kooperatibak eta ekonomia sozialean dabiltzan zenbait enpresak osatzen dute Yomol A'Tel: kafe ekoizleen kooperatiba, ezti ekoizleena eta eskuz egindako xaboiena dituzte martxan, gaur egun.
Azken hori indartu nahi dute. Yip Antsetic du izena kooperatiba horrek, eta emakumeen indarra esan nahi du tzeltal hizkuntzan: hain zuzen ere, emakumeek osatzen dute kooperatiba hori. Xaboiak egiten dituzte eskuz, kafearekin, eztiarekin, erromeroarekin edo izpilikuarekin. «Martxan dago, baina iraunkortasuna falta du, eta horixe ari gara ikasten: nola antolatu kooperatiba modu iraunkorrean, nola lortu iraunkortasun ekonomikoa... Eta, hori dena, aldi berean».
35 emakumek osatzen dute Yip Antsetic, eta Chiapasko iparraldeko bost komunitatekoak dira. Badituzte bezeroak, baina «noizbehinkakoak», eta horiek nola egonkortu ikasiko dute. Horrez gain, lidergo kontuak ere ikasiko dituzte, ekoizpen prozesuan bertan emakumeek eurek erabakiak har ditzaten, euren arteko antolaketa kooperatiboago eginez.
Ekoizpenaren eta merkatuaren erritmoen arteko oreka aurkitzea da haien arazorik handienetako bat, Mendezen arabera. «Andreen erritmoa gauza bat da, eta beste bat, merkatuarena: bezeroak hornitzea bezain inportantea da lan antolaketa ondo zaintzea».
Nabari du aldea Mendezek Chiapastik Euskal Herrira. «Beste kultura eta beste bizitza estilo bat» edukitzeaz harago doaz desberdintasunak: «Hemen ondo antolatzen jakin dute, eta gauza eder piloa dituzte. Baina, begi bistakoa denez, ez nago ados guztiarekin». Bizitza estiloaz ari da Mendez: lekil kuxlejalil lelo modura darabilte, eta ondo bizitzea esan nahi du: «Ondo bizitzea da naturarekin harmonian egotea, inguratzen gaituen jendearekin, partekatzea...». Beraz, Mendezen esanetan, guztiarekin ados egon ez arren, Euskal Herriko eta Chiapasko ereduetatik onena zer den erabaki eta uztartzea du buruan.
JENNY JOSEFINA MENA
Ekonomia solidarioko egitasmoen koordinatzailea
«Aprobucam indartuko dugu, hemen ikasitakoak lankideei helaraziz»
Hogar de Cristo erakundean lan egiten du Jenny Josefina Menak (Guayaquil, Ekuador, 1969). Hainbat arlo lantzen ditu, baina sortu, etxegabeei aterpe bat emateko sortu zen, 1971n; familiak elkarrekin egon zitezen sortu zuten, ez zitezen sakabanatu, eta, ondorioz, desegituratu. Urteek aurrera egin ahala, ordea, hori ez zela nahikoa konturatu ziren: beharrezko ikusi zuten baliabide ekonomikoak lortzen laguntzea, aurrera egin zezaten.
Orgullosamente Emprendedoras (Harrotasunez Ekintzaile) proiektutik sortutako elkarte bati laguntzeko daude Aretxabaletan. 2012an hasitako proiektu horren arabera, 500 emakume negozio bat abiatzeko trebatu behar zituzten hiru urtean. Euren trebetasunetatik abiatuta trebatu ere. Emakumeekin egiten du lan, gehienbat, Menaren taldeak; gizonak ere badira tartean, baina «dezente gutxiago».
Hiru fasetan oinarritu zuten lana. Lehenengoan, trebezia horiek identifikatu eta merkatuarekin lotutako zenbait lan egiten irakatsi zieten, esaterako, merkatuaren azterketak, aurrekontuak eta negozio planak egiten. Fase horren amaieran, nork bere proiektua besteei aurkeztu zien, eta baloratu zuten zeinek izango lukeen etorkizun hobea: hala, bat aukeratu, eta elkarrekin jarri zituzten martxan proiektu horiek. 2015etik gaur arte, lau elkarte sortzea lortu dute. Pozik dago Mena 2012an hasitako bidearekin: ez emaitzengatik soilik, orduan proiektu zena gaur egun beste lan ildo bat gehiago delako baizik.
Aprobucam da elkarte horietako bat. Oinetakoak egiten dituzte, eta merkaturatzen dituzte, baina kopuru txikietan, Menak azaldu duenez. «Elkarte hau indartu nahi dugu: hemen ikasitakoak Aprobucameko lankideei zein nireei helaraziko dizkiegu».
TITO ALFONZO TINTILAY
Erlezaintzan aditua
«Ahaldunduta zerbitzu hobeagoa eman ahal izango diet nekazariei»
Hiru lan ildo ditu Tito Alfonzo Tintilayren (El Carmen, Bolivia, 1986) ACLO Accion Cultural Loyola fundazioak. Irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta nekazari taldeekin, indigenekin eta hiriko periferietako biztanleekin lan egiten dute, batik bat. ACLOren lan ildo nagusietako bat da horiei laguntzea euren eskubideak bete daitezen instantzia publikoetan. Klima aldaketari aurre egiteko neurriak hartzea da beste lan ildo bat, «tokian tokitik» eraginez. Hirugarrenak ekoizpenaren garapen ekonomikoarekin eta elikadura segurtasunarekin du zerikusia: «Ekoizpen proiektu txikiak bultzatzen ditugu, familiei diru sarrerak emango dizkietenak; hala, etxeko ekonomia on bat eduki dezaten».
Oinarri-oinarrizko beharrez ari da Tintilay. «Negozio bat sortzeaz hitz egiten dugunean, edo ekoizpen bat martxan jartzen dihardugunean, gure beharrak asetzea soilik daukagu buruan: ez gara irabaziak lortzeaz ari». Bakoitzak bere lurretan elikagaiak ahalik eta modurik naturalenean ekoiztea nahi dute, eta ahalik eta elikagai desberdin gehien ekoiztea. Baina euren beharrizan oinarrizkoenak asetzeko, gainera, baliabide ekonomikoak behar dituzte, eurek ekoitzi ezin dutena eskuratu ahal izateko.
Tintilayk uste du Aretxabaletako egonaldiak lagunduko diela euren gaitasunak handitzen eta zerbitzu hobeago bat ematen. «Ez dakit gure formakuntzagatik den, edo zergatik, baina askotan dimentsio txikiak izaten ditugu buruan, eta uste dut horrek egin genezakeena baino gutxiago egitera garamatzala». Nekazari familia batetatik dator Tintilay, eta horrek utzi dion arrastoa nabarmena da hitz egiten duenean. «Ikastaro hau lezio handia izango da pertsonalki, baita instituzionalki ere, baina pertsona gisa askoz gehiago konprometitzen nau: harro nago nekazariekin lan egiten dudalako, eta, neure burua ahaldunduta, haiei eta nire gizarteari zerbitzu hobeagoa eman ahal izango diet».
EMMA GALLARDO PALACIOS
Kakaoaren balio katea indartzeko proiektuaren koordinatzailea Cipcan
«Ezagutza geronentzat gordetzeak ez du ezertarako balio»
Nekazariekin egiten du lan Cipca gobernuz kanpoko erakundeak. Horko langilea da Emma Gallardo Palacios (Piura, Peru, 1970), eta Aprocap kooperatibako Donald Floresi laguntzeko joan da Aretxabaletara. Bi lan ildo ditu Cipcak, Gallardoren esanetan. Batetik, «gizarte zibilaren eta estatuaren arteko harremanak» sendotzen saiatzen dira: azaldu duenez, lan asko egiten dute udal administrazioekin, baina baita herritarrekin ere, parte hartze handiagoa izan dezaten gizartean —«proposamenak egin ditzaten, udal baliabideak ondo kudeatzen direla adi egon daitezen...»—. Bestetik, ekoizleen aholkulari gisa aritzen dira: frijol, banana eta kakao ekoizpenetan dabiltzanekin lan egiten dute gaur egun.
Kakaoa lantzen du, hain zuzen, Aprocapek. Duela hiru urte elkarte moduan sortu zuten, eta kooperatiba bihurtu dute. Mondragon taldea erreferentziatzat dute, zentzu horretan: «Kooperatibek nola funtzionatzen duten ikasten ari gara, baita hemen erabili dituzten tresna horiek han nola erabil ditzakegun ere: denak ez, baina zenbait gauza erabilgarriak izan daitezke han ere».
Negozio plan bat garatzen ari da Flores, eta, besteen antzera, etengabeko harremanean dago lankideekin, Palaciosen esanetan: «Informazio erreala behar dugu, eta egunero hitz egiten du haiekin. Inoiz egin gabekoak ikasten ari da Donald, eta, gutxinaka ari da, baina inportanteena da proiektua bukatu eta, itzuleran, martxan jarriko duela».
Aretxabaletan ikasitakoak lankideekin partekatzea izango da itzultzean egingo duen lehenengo gauza: «Batzuetan zaila egiten zaigu zenbaiti laguntzea, baina ezagutza partekatze hutsak asko lagundu diezaioke jendeari: geronentzat gordetzeak ez du ezertarako balio».
Iturria:berria.eus
Viewed 118 times