MUk eta SENER Taldeak hitzarmena sinatu dute.

Hainbat arlotan jardungo dute elkarlanean Bilbon sortutako ingeniaritza eta teknologia taldeak eta MUk, akordioan adostu dutenez: elkarrentzako interesa duten jardueretako ezagutza teknologikoa zein teknologikoa ez dena, bi erakundeen artean ezagutza trukatu eta transferitzea eta pertsonak prestatzea.

MUk eta SENER Taldeak hitzarmena sinatu dute

MUko Vicente Atxa eta SENER-eko Jorge Unda. | Ikusi handiago | Argazki originala

Mondragon Unibertsitateak eta ingeniaritzako eta eraikuntzako SENER etxeak lankidetzarako hitzarmena sinatu dute, ikerketako eta teknologiaren transferentziako proiektuetan, etengabeko prestakuntzan, ingeniari gazteen prestakuntzan eta talentuaren ekarpenean lanean jarduteko.

Lankidetza-akordio partzialekin osatu da hitzarmena eta akordio horietako bakoitzari esker Goi-mailako Eskola Politeknikoarekin Ikerketarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Programa jarriko da abian, eta horri esker ikerketa talde bat prestatuko dute. Eta bigarren akordioa izango da etengabeko prestakuntzarako, SENERreko profesionalei bideratuta. Akordio horretan Goi-mailako Eskola Politeknikoak eta unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultateak parte hartuko dute.

Hitzarmenak lau urte iraungo du eta luzatzeko aukera izango da.

Lehiakortasuna

Bilbon sinatu dute hitzarmena MUko errektore Vicente Atxak eta SENERreko zuzendari nagusi den Jorge Undak.  "Ikerketa, transferentzia eta prestakuntza batzea enpresekin elkarlanean aritzeko modu naturala da, eta akordio honi esker, MUko eta SENERreko ikasleek gaurtik aurrera tresna hobea izango dute lehiakorragoak izateko eta profesionalik onenak eskura izateko", adierazi du Atxak.

SENER taldea 1956an eratu zen Bilbon eta ingeniaritza eta teknologia alorrean dihardu. Ia 6.000 profesionalek egiten du lan hainbat zentrotan banatuta, besteak beste, Aljerian, Argentinan, Brasilen, Hego Korean, Txilen, Txinan, Kolonbian, Arabiar Emirerri Batuetan, eta Estatu Batuetan. Ingeniaritza eta eraikuntza jarduerez gain industria arloan ere badabil, aeronautikan zein energia eta ingurumen arloan diharduten konpainiekin.

Iturria:goiena.eus

 

like0

Viewed 139 times