Mondragon Unibertsitateko ordezkariak Estatu Batuetan bisitari MITen eskutik.
Mondragon Unibertsitateko errektorea eta zuzendaritza-taldea Estatu Batuetan egon berri dira MITen (Massachusetts Institute of Technology) eskutik. Bi erakundeek elkarlanean jardungo dute Estatu Batuetan gizarte-ekonomia sustatzen eta hezitzaile eta graduatuei prestakuntza ematen, Cooperatives for a Better World elkartearen bidez herrialde hartan kooperatibak abian jartzeko.
Mondragon Unibertsitateko errektorea eta zuzendaritza-taldea Estatu Batuetan egon dira egunotan. Bertako unibertsitate batzuk bisitatu dituzte, bi helbururekin: batetik, Massachusetseko MITekin elkarlanean gizarte-ekonomian eta kooperatibetan erreferentzia izango den prestakuntza abian jartzea —Mondragon Unibertsitatea eta MONDRAGON munduko liderrak dira arlo horretan—, eta, bestetik, Euskadiko hezkuntzaren berrikuntzan liderra izaten jarraitzea, hezkuntzaren arloan aitzindariak diren hango unibertsitateekin harremanetan jarrita.
Estatu Batuetan gizarte-ekonomia garatzeko helburuaz MITekin hasitako elkarlanaren abiapuntua 2015ean gauzatu zen
Horretarako, errektoreak eta bere taldeak astebete eman dute Bostonen, ekintzailetzan eta berrikuntzan diharduten unibertsitate eta laborategiak bisitatzen, hala nola Massachusets Institute of Technology (MIT), Bostoneko Northeastern Unibertsitatea, Southern New Humpshire Unibertsitatea, Cambridgeko Berrikuntza Zentroa, Olin College of Engineering eta Babson College.
Estatu Batuetan gizarte-ekonomia garatzeko helburuz MITekin hasitako elkarlanaren abiapuntua Mondragon Unibertsitateak 2015ean MITeko Community innovation Lab-ekin sinaturiko hitzarmena da. New Yorkeko gizarte-eraldakuntzaren oinarriak finkatzeko helburua zuen hitzarmen hark. Handik hona igarotako bi urteetan, bi erakundeek aurrera egin dute lankidetza-ereduan. Gizarte-eraldaketaren arloan erreferentzia izango den prestakuntza izango da eredu horren oinarria, eta kooperatibak sortzea bidea. Eredu horren harian, Bronxen eta Kolonbian ezarritako eredu sozialen bidez hartutako esperientzia partekatuko du MITek, eta Mondragon Unibertsitateak gizarte-ekonomiaren alorreko prestakuntzan erreferentzia izanda bereganatu duen ezagutza jarriko du mahai gainean, Cooperatives for a Better World elkartearen bidez kooperatibak sortuz.
Ekonomia demokratikoagoa
Elkarlanaren helburua unibertsitateko hezitzaileak eta gradudunak prestatzea da, negozio kooperatiboak abian jarriz, Ipar Amerikako ekonomia iraunkorragoa, bidezkoagoa eta demokratikoagoa izaten laguntzeko.
Horretarako, prestakuntza-curriculumak honako irakasgai hauek hartuko ditu barne: erakunde demokratiko, ireki eta partizipatiboak; kooperatibaren gestioan parte hartzeko eredua; elkartasunaren kontzeptua bazkideen eta soldaten ikuspegitik; elkar-lankidetza; gizarte-eraldaketa; eta guztion artean mundu bidezkoagoa eta gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik arduratsuagoa eraikitzeko aukera. Hau da, Mondragon Taldearen eta Unibertsitatearen printzipio kooperatiboak ezagutaraziko dituzte, horiei esker Mondragonen esperientzia kooperatiboa munduko gizarte-ekonomiako ekosistema sozialik garrantzitsuenetako bat baita.
Labur esanda, Estatu Batuetan Mondragon Taldearen printzipioetan oinarritutako enpresa kooperatiboak eta gizarte-ekonomiakoak sortu, garatu, gestionatu eta aztertzeko beharrezko gaitasunak eskaintzea da kontua.
Unibertsitateko hezkuntza-berrikuntzan liderra izatea
Bestalde, bidaiak beste helburu bat du: MUk unibertsitateko hezkuntza-berrikuntzaren arloan liderra izaten jarraitzea. Horretarako, munduan erreferentzia diren unibertsitate estatubatuarrekin alderatu du bere ikuspegia. Ildo horretan, Mondragon Unibertsitateko errektoreak adierazi duenez, “Mondragon Unibertsitatea unibertsitate-hezkuntzaren berrikuntzan liderra izan da, gaitasunetan oinarritutako eredu baten bidez. Eredu horrek ez du hesirik jartzen teoriaren eta praktikaren artean, prestakuntzaren eta mundu errealaren artean. Gainera, prestakuntza dualean aitzindari izan da Euskadin eta Estatuan…”. “Gaur egun —gehitu du errektoreak—, ikertzen jarraitzen dugu, unibertsitateko ikasleen esperientzia hobetzeko. Esperientzia horren ardatzak pertsonaren eraldaketa izan behar du, ikaslea etengabe aldatzen ari den munduari aurre egiteko gai izan dadin. Honako ezaugarri hauek dituzten profesionalak trebatu nahi ditugu: munduko herritarrak, ikasle malguak, nortasuna eta helburua dituztenak, komunikatzaileak eta komunikazioa errazten dutenak, eta pertsona kooperatiboak”.
Iturria: TULANKIDE.com
Viewed 109 times