MONDRAGON UNIBERTSITATEKO Goi Eskola Politeknikoak eta SENERek hitzarmen bat sinatu dute, SENER gela sustatzeko.
MONDRAGON UNIBERTSITATEKO Goi Eskola Politeknikoak SENER gela izango du modu iraunkorrean Arrasateko campusean, fakultateak eta SENER ingeniaritza eta eraikuntzako enpresak sinatu duten lankidetza-hitzarmenari esker. SENER gelan ikerkuntzari eta elkarlaneko ezagutza-transferentziari buruzko proiektuak landuko dituzte. Era berean, ikertzaile bikainez osatutako taldeak trebatuko dituzte hainbat sektoretan, hala nola, aeroespazialean, energia eta prozesuetan, azpiegitura eta garraioetan, eta untzigintzan, eta baita bestelako arloetan ere, besteak bete teknologia-garapenean, pertsonen gaitasunen garapenean eta kudeaketa-gaitasunen garapenean. Gainera, doktore-tesiak ere garatuko dituzte, prestakuntza espezializatua eta abar. Aurrera eramango duten egitasmo bakoitza dagokionean zehaztuko dute, berariazko hitzarmenen edo ikerketa-hitzarmenen bidez.
Esparru-hitzarmena asteazkenean, martxoak 1, sinatu zuten Carlos García Goi Eskola Politeknikoko zuzendari nagusiak eta Unai López SENEReko Ingeniaritza Aeroespazialeko zuzendari nagusiak. Azken zazpi urteotan SENERek eta MONDRAGON UNIBERTSITATEKO Goi Eskola Politeknikoak kontratuak sinatu dituzte ikerketa-proiektuak burutzeko, eta horien harira adostu dute hitzarmena. Urteotan, bi erakundeek I+G proiektuak eta SENERen jardueren inguruko doktore-tesiak gauzatu dituzte, besteak beste gai hauek jorratzeko: sistema aeroespazialetarako mantentze prediktiboko teknika berriak, tentsioen eta tenperaturen aurrean erresistentzia handikoak diren aleazioak egiteko deformazio-prozesu bidezko fabrikazio-teknologien garapena, eta aplikazio espazialetarako makina elektrikoen diseinua.
MONDRAGON UNIBERTSITATEAK eta SENERek joan den otsailean izenpetutako lankidetzarako esparru-hitzarmen orokorraren barruan sinatu dute gaurko akordioa. Hainbat arlotan batera lan egiteko xedearekin sinatu zuten bi erakundeek esparru-hitzarmen orokorra: ikerkuntzako eta ezagutza transferitzeko proiektuetan, etengabeko prestakuntzan, ingeniari gazteen prestakuntzan eta talentua atzematean.
Iturria:goiena.eus
Viewed 121 times