Kooperatibetan erabakiak hartzeko gakoak eztabaidagai MUren campusean.

Mondragon Unibertsitateko Lankidetzaren Ikertegiak, LANKIk, Kooperatibismoari buruzko 5. Jardunaldia egingo du. Hizlari nagusiak honako hauek izango dira: Johnston Birchall, Stirlingeko (Eskozia) Unibertsitateko irakasle emeritua, eta Cliff Mills, Manchesterreko Anthony Collins kabineteko kidea.

Datorren ostiralean, uztailak 7, Kooperatibismoari buruzko V. Jardunaldia egingo du Mondragon Unibertsitateko Lankidetzaren Ikertegiak, LANKIk, Eskoriatzako Campusean. Aurtengo edizioan jorratuko den gaia honako hau izango da: gobernantza kooperatiboa eta erabakiak hartzeko prozesuek dakartzaten erronkak. Horretarako, honako hizlari hauek izango ditugu: Johnston Birchall, Stirlingeko (Eskozia) Unibertsitateko irakasle emeritua, eta Cliff Mills, Manchesterreko Anthony Collins kabineteko kidea.

“Gobernantza Kooperatiboaren Erronkak” goiburupean, nazioko eta nazioarteko hainbat adituk kooperatiben demokratizazio-prozesuak eta erabakiak hartzeko sistemak aztertuko dituzte, gobernantza kooperatiboari buruzko esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko helburuz.

Zer da gobernantza?

Erakunde batek bere helburuak lortzeko behar diren erabakiak hartu eta aplikatzeko erabiltzen duen sistema da. Jardunbide horrek, eta lan-bazkideek erabakiak hartzeko zuzenean eta aktiboki parte hartzeak, MONDRAGONEN filosofia zehazten dute. Hitz gutxitan: erabakiak nola hartu eta nola aplikatu, horixe da gobernantza.

Gestio-sistema parte-hartzaile eta demokratiko honen bidez, askotariko sektoreetako enpresa kooperatiboek —industria, aseguru, osasun-zerbitzu, finantza edo ehungintza sektoreetakoek— erabakiak hartzeko prozesuetan zuzenean parte hartzeko aukera ematen diete langileei. Horrela, lankidetza bultzatu eta konpromisoa sustatzen dute.

Hizlariak

Topaketa honetako parte-hartzaileetako bat Johnston Birchall da, Stirlingeko (Eskozia) Unibertsitateko irakasle emeritua. Mundu zabaleko kooperatibak ikertzen eta aholkatzen eman du bere bizitza akademiko eta profesionalaren zati handi bat.  Gainera, “The Governance of large co-operative businesses” izeneko liburuan, munduko 60 kooperatibarik handienen —MONDRAGON barne— esperientzia jasotzen du, gobernantzari dagokionez. Berak nabarmendu duenez, “enpresa kooperatiboa kapitalismo korporatiboaren benetako alternatiba da”.

Horrez gain, Cliff Mills jurista britainiarrak ere hartuko du parte jardunaldian. Berak 20 urtetik gorako esperientzia du Erresuma Batuko kooperatibei aholkua ematen, eta aditua da eraketa-agiriak sortzen. “Kooperatiba erresistenteen gestioa” izeneko solasaldian, gobernantza kooperatiboaren etorkizuneko erronkak eta horiek gainditzeko gakoak aztertuko ditu.  

Topaketa bukatzeko, Iñigo Iñurrategik, MONDRAGON Korporazioaren Zentro Korporatiboko Heziketa Kooperatiboaren arduradunak, gai bera izango du hizpide: gobernantza kooperatiboaren etorkizuneko erronkak.

Jardunaldia uztailaren 7an izango da, 09:45etik 13:00etara, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Eskoriatzan. Izena emateko: lanki@mondragon.edu .

Iturria:mondraberri.com

like0

Viewed 75 times