Fagor Arrasate, 60. urteurrenean, puntako teknologiaz, bide positibotik dabil.

Fagor Arrasatek 60. urte egin ditu, eta urteurrenaren harira, ateak ireki dizkie bisitari ugariri.

Aste honetan zehar kooperatibako langileak, Unibertsitateko ikasle eta irakasleak, ikertzaileak eta batik bat, automobil esparruko fabrikatzaile eta estanpatzaileak bisitatzen ari dira San Andresko lantegia.

Atzo adibidez hornitzaileak izan ziren bisitariak. Egoitza nagusian elkartu ostean, Korporazioaren eraikinera hurbildu ziren, eta diaporama korporatiboa ikusi zuten.

Ondoren, Fagor Arrasatera bueltatu ziren, kooperatibako arduradunekin elkartuz. Hala, bertatik bertara ezagutu zuten kooperatibaren historia, egungo egoera eta etorkizunerako erronkak ere.

Testuinguru honetan, Fagor Arrasatek 2016ko hornitzaile onenari saria eman zuen, Xubi Engranajes SL enpresak jaso zuelarik.

Hortaz gain, bisitariei erakusten ari zaie SEAT etxerako ekoiztutako HIGH SPEED prentsa lerroa.

Europan egindako lehendabiziko lerro hibrido serbo-konbentzionala da, eta bezeroari entregatuko zaio laster.

Gaur ordezkari instituzionalen txanda izan da, eta fabrika bisitatu dute Maria Ubarretxenak (Arrasateko alkatea), Markel Olanok (Gipuzkoako ahaldun nagusia) eta Arantza Tapiak (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua), besteak beste.

Urteurrenarekin jarraituz, zapatu honetan bazkide eta senide guztientzako ate irekien eguna antolatu du. Zorionak Fagor Arrasate!

Iturria:mondraberri.com

 

like0

Viewed 94 times