Eusko Jaurlaritzak nazioartekotasuna aitortu die Mondragon Unibertsitateko 6 tituluri.
Eusko Jaurlaritzak 6 nazioartekotze-ziurtagiri eman dizkio Mondragon Unibertsitateari. Horien bidez, besteak beste, zigilua jaso duten lau graduetako eta bi masterretako ikasleen % 30 nazioarteko mugikortasun-programetan partaide dela bermatzen da. Era berean, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren (Unibasqen) Dual zigilua jaso du Mondragon Unibertsitateak prestakuntza dualeko azken deialdira aurkeztu zituen bi titulu berrientzat. Dual egiaztagiri berriokin dagoeneko 17 dira Mondragon Unibertsitateak eskaintzen dituen titulu dualak (10 gradu eta 7 master). Hala, prestakuntza dualean Euskal Herrian liderra izaten jarraitzen du, eredu propioa eskainita.
Nazioartekotze-zigilua.
Unibasqek emandako nazioartekotasun-aitorpenak bermatzen du, besteak beste, tituluan matrikulatuta dauden ikasleen % 10, gutxienez, nazioarteko mugikortasun-programen bidez hartutakoak edo atzerritarrak direla, eta, % 20k nazioarteko mugikortasun-programetan parte hartuko duela. Honako titulu hauek jaso dute ziurtagiria:
• Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Graduak Industria Antolakuntzako Ingeniaritza Graduak
• Haur Hezkuntza Graduak
• Lehen Hezkuntza Graduak
• Industria Ingeniaritza Unibertsitate Masterrak
• Erakundeen Nazioartekotzea Unibertsitate Masterrak
Prestakuntza duala: 50 urte.
Bestalde, Unibasqek ebaluatu eta onartu egin ditu prestakuntza dualeko azken deialdira unibertsitateak aurkeztu dituen bi titulu berri: Robotika eta Kontrol Sistemak Unibertsitate Masterra eta Datuen Analisia, Zibersegurtasuna eta Hodei Konputazioa Unibertsitate Masterra. Aurretik, ikasketei Dual tituluaren edo ibilbidearen zigilu ofiziala emateko Eusko Jaurlaritzak 2018ko maiatzean egin zuen lehen deialdian, Mondragon Unibertsitatearen 10 graduk eta 5 masterrek jaso zuten ziurtagiria.
Unibertsitateak eredu dualean (lehen ikasketak eta lana txandakatzea esaten zitzaion horretan) pilatu duen esperientzia bermatzen du aintzatespen horrek. Irakaskuntza-eredu horri esker, ikastetxean ikasketak eta enpresan egonaldi ordainduak egin ahal izan dituzte ikasleek 50 urtean zehar, eta, horrela, lehen euskal unibertsitatea bihurtu zen eredu-mota hori erabiltzen.
Urteotan lortutako emaitzak ereduaren arrakastaren adierazgarri dira: graduak edo masterrak eredu dualean ikasi duten Mondragon Unibertsitateko ikasleen % 80k enpresan lanean jarraitu du ikasketak bukatu ondoren.
Dual zigilu ofiziala.
Eusko Jaurlaritzak Unibasqen bidez bideratzen duen ziurtapen-sistema aurrendaria da Estatuan titulu dualak onesten, hau da, titulazioetan prestakuntza dualaren aitortza ofiziala lortzeko unibertsitateek bete behar dituzten irizpideak finkatzen. Oro har, ziurtapena lortzeko, graduek bateratu egin behar dituzte prestakuntza akademiko handia eta ekoizpen-inguruarekiko harreman estua. Horretarako, unibertsitateak eta enpresek lankidetza estuan jardun behar dute. Enpresek, ikasketa-plana egiten ez ezik, praktiken tutoretzan eta ikasleei finantzaketa ematen ere hartzen dute parte.
Ikasleek titulazioaren % 25 gutxienez modu dualean egin beharko dute graduen kasuan, eta % 40 gutxienez masterretan, eta ezinbestekoa izango da gradu- edo master-amaierako lana kanpoko erakunde batekin elkarlanean egitea.
Iturria: mondraberri.com
Viewed 94 times