Euskarazko proiektu onenak Ikerlan eta Fagor Arrasaten egin dira.
Mikel Irustak, Enpresagintzakoak, lehen saria lortu du, IK4-Ikerlanentzat egindako lan batengatik, eta Irati Abadek, Mondragon Goi Eskola Politeknikokoak, bigarren saria eskuratu du, Fagor Arrasaterako egindako proiektu batengatik.
Euskaraz egindako karrera-amaierako proiekturik onenei sariak eman dizkiete gaur MONDRAGON UNIBERTSITATEko Enpresagintza Fakultatean. MONDRAGON UNIBERTSITATEko bi proiektu saritu dira: bata Enpresagintza Fakultatekoa eta bestea Goi eskola Politeknikokoa.
Lehen sariaren irabazlea Mikel Irusta Zurikarai izan da, Enpresagintzako ikaslea, IK-4 Ikerlanentzat egindako «IK-Ikerlanen informazio tresnen garapena jabetza industrialean oinarrituriko negozio ereduaren mesedetan». MONDRAGON UNIBERTSITATEak eta MONDRAGON Korporazioak 1.500 euroko saria eman diote, seigarren edizio honetan.
Bigarren sariaren irabazlea Irati Abad Fernández izan da, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikaslea, FAGOR Arrasaterentzat egindako proiektu honengatik: 1Konpositeentzako HCL eta kargadorea duen transfer prentsaren diseinu estetikoa». Kasu honetan, MONDRAGON UNIBERTSITATEak eta MONDRAGON Korporazioak 500 euroko saria eman diote.
Sariok duela sei urte sortu ziren, MONDRAGON Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, MONDRAGON UNIBERTSITATEko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. MONDRAGON Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Fakultateetako kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.
Guztira 194 proiektu egin dira euskaraz MONDRAGON UNIBERTSITATEAn, eta horietako 16 onenak ebaluatu dira sarirako, Enpresagintza Fakultatetik, Goi Eskola Politeknikotik eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatetik. Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoak izan dira sarituak.
Epaimahaia osatzen duten fakultate bakoitzeko kideak hauek izan dira: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (HUHEZI), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintza), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (MONDRAGON Korporazioa). Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazioa eman eta saridunak aukeratzeko orduan.
Saridunak
Lehen saria: Mikel Irusta Zurikarai (Enpresagintza Fakultatea)
Proiektuaren izena: IK4-Ikerlanen informazio tresnen garapena jabetza industrialean oinarrituriko negozio ereduaren mesedetan.
Laburpena:
Memoriak jasotzen duen proiektuak hainbat helburu zehatz proposatzen ditu, fase batzuetan garatu beharrekoak. Fase horietan, IK4-Ikerlanen informazio-tresnak hobetuz joango dira, industria-jabetzan oinarritutako negozio-eredu baten bidean, horixe baita proiektuaren helburu nagusia.
Bigarren saria: Irati Abad Fernandez (Goi Eskola Politeknikoa)
Proiektuaren izena: Konpositeentzako HCL eta kargadorea duen transfer prentsaren diseinu estetikoa.
Laburpena:
Karrera-amaierako proiektua FAGOR ARRASATE enpresarentzako bi prentsa mota egitea izan da: HCL (Hydraulic Composite Lightweight) konposite-prentsa berria eta prentsa baten transferrarentzako kargadorea, Gestamp Polonia enpresarentzat.
Iturria:mondraberri.com
Viewed 232 times
