Euskal Herriko objektu tradizionalen erakusketa hartu du Mondragon Unibertsitateak.
HAU Euskal Herriko objektu tradizionalen diseinu lehiaketaren 3. edizioko irabazleak, Goi Eskola Politeknikoko Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza Graduko ikasleak izan dira, ZURA proiektuarekin: Uxue Ariztimuño, Amaia Baztarrika eta Olatz Mandiola.
Euskal kulturako objektu tradizional baten diseinua eguneratzea da lehiaketaren helburua. Horrela, alde batetik, ildo honetan ikerketa sustatzen da, eta bestetik, objektu tradizionalak egokitu, berritu eta berrinterpretatu, diseinu garaikidearen begiradatik. Edizio bakoitzean, euskal kulturako objektu tradizional bat aukeratzen da. Deialdi honetan zizeilu objektua berraztertzea proposatu da.
HAU diseinu lehiaketaren antolatzailea Bitamine Faktoria da, San Telmo Museoarekin, Mondragon Unibertsitatearekin, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Ramirez i Carrillo diseinu-estudioarekin elkarlanean.
ZURA proiektua
Epaimahaiak ZURA proiektua izendatu du irabazle, Uxue Ariztimuño, Amaia Baztarrika eta Olatz Mandiola Mondragon Unibertsitateko Industria Diseinuko Graduko ikasleen lana. Epaimahaiaren aktaren arabera, "proiektuak trebetasunez eta sentikortasunez uztartzen ditu objektuaren alderdi teknikoak, funtzionalak eta formalak; proposatzen duen diseinua nabarmentzen da bere hizkuntzaren eta adierazpenen aberastasunagatik; bat dator jatorrizko objektuarekin eta, aldi berean, haren ezaugarri batzuk gaur egungo usadio eta ohituretara egokitzen ditu".
Erakusketa
HAU 2019 diseinu lehiaketaren 3. edizioan aukeratutako lanak San Telmo Museoan egon dira ikusgai ekainean, uztailean eta abuztuan, eta arrakasta handia izan du. Urriaren 22tik azaroaren 22ra bitartean, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan–1. eraikineko 1. solairuko korridorean– izango dira.
Iturria: GOIENA.eus
Viewed 91 times
