Dani Maestro Goi Eskola Politeknikoko doktoregaiak publikazio onenaren saria jaso du QCAV 2019 konferentzian.

Dani Maestroren lanak publikazio onenaren saria jaso du QCAV 2019 konferentzian. Goi Eskola Politeknikoko doktoregaia da Seinalea eta Komunikazioen Trataera taldean, eta Nestor Arana eta Alberto Izaguirreren zuzendaritzapean ari da garatzen bere doktoretza. Lan hau garatu duen taldean Julen Balzategui doktoregaia eta Luca Eciolaza (Robotika eta Automatizazioa ikerketa lerroko partaidea) ere parte hartu dute, bi hauek ere Mondragon Goi Eskola Politeknikokoak. 

Maestroren lana unibertsitateak Ekide enpresarekin duen elkarlanaren barne kokatzen da. Bertan, ikusmen eta adimen artifizialeko teknikak erabilita gizakiarentzako ikusteko errazak ez diren defektu eta detaileak identifikatzeko sistema eta algoritmo bat proposatzen da, irudiak hartzeko kamerak eta argiztatzeko patroi berezi baten bitartez. Irudien interpretazioa egiteko sare neuronal sakonak erabiltzen dira, gizakiaren antzerako logika duten sareak alegia, hauen irudietan interesekoak diren detaileak markatuz.

Sektorerako konferentzia garrantzitsu bat

QCAV 2019 bisio artifizialaren zein irudien prozesamenduaren inguruan lanean ari diren ikerlari, ingeniari edo erabiltzaileak elkartu ditu. Azken urteetan bisio artifizialeko kalitatezko kontrola garapen geldiezin bat bizitzen ari da, inteligentzia artifizialean ematen ari diren aurrera pausoei esker, besteak beste 2D eta 3D bisio sentsoreetan eta optika ez konbentzionaletan. 

Iturria: mondragon.edu

 

like0

Viewed 120 times