2017ko hornitzaile onena saritu du Fagor Arrasatek.

Hornitzaileek duten garrantziari aitortza egin dio Fagor Arrasate kooperatibak egubakoitzean banatutako sariarekin. Talleres Mitxelenak jaso du saria, 2017an zehar lortutako "kalitate bikaintasuna" dela eta. Fagor Arrasatek "entrega-epeen betetze maila eta lehiakortasuna" saritu nahi izan ditu.

2017ko hornitzaile onena saritu du Fagor Arrasatek

Talleres Mitxelenako ordezkariak 2017ko hornitzaileerik onenaren saria jasotzen. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bezeroei zerbitzu ona eskaintzerako orduan hornitzaileek duten garrantziaren jakitun, Fagor Arrasatek 2017ko hornitzaile onenaren saria banatu zuen urtarrilaren 26an. Piezan handien mekanizazioan espezializatuta dagoen Talleres Mitxelena kooperatibak jaso zuen saria. Fagorrek nabarmendu du "sektorean 50 urte baino gehiagoko esperientzia" duela enpresa sarituak, eta "ekipo oso profesionala" daukala. Saria jaso ostean, Arrasateko lantegiaren bisita gidatua egin ahal izan zuten.

Hornitzaileen garrantzia

Fagor Arrasate S. Coop.-entzako oso garrantzitsua da bere hornitzaileek egiten duten "lan ona", eta garbi utzi nahi izan dute, haien lan onak enpresa "garatzen eta hazten" laguntzen duela.

Mondragon korporazioko kide den Fagor Arrasate, nazioarteko puntako enpresa da deformazioko makina erremintako arloan, batez ere prentsa mekaniko eta hidraulikoetan, ebaketa linea eta metalen prozesuan eta txapazko pieza konplexuak fabrikatzen.

Iturria: goiena.eus

 

like0

Viewed 152 times